Koronabirus kasu berriak %6 jaitsi dira aste honetan, oraingoz

Euskalerria Irratia 2021ko api. 22a, 09:55

Santos Indurain Osasun kontseilaria, artxiboko irudi batean.

182 COVID-19 kasu berri atzeman dituzte Nafaroan. Aurreko egunarekin alderatuta, hamalau gutxiago dira, eta aurreko asteko egun berarekin alderatuta, berriz, sei gutxiago.  

Koronabirusarekin kutsatutako pertsonen kopurua 182koa da. Aurreko egunarekin alderatuta, hamalau kasuko jaitsiera dakar horrek, eta aurreko asteko egun berarekin alderatuta, berriz, sei kasukoa. Aste honetan, oraingoz, kasu berrien kopurua %6 jaitsi da, aurreko asteko aldi berarekin alderatuta, eta pilatutako intzidentzia ere jaitsi da, bai azken hamalau egunetan, 405era, bai azken zazpi egunetan, 175 ingurura.

Hori dela eta, baieztatu daiteke Nafarroako pandemiaren bihurguneak beheranzko bidean jarraitzen duela, mantso bada ere. Laugarren olatuari eusteko egun erabakigarriak dira hauek, Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo nabarmendu zuen moduan. 

Atzo atzemandako kasu berriak Iruñean agertu dira bereziki, Txantrea, Arrosadia eta Donibane auzoetan batik bat, baina baita Alesbesen ere, non beste egun batez zazpi kasu azaldu diren. Gogoratu beharra dago Alesbes itxialdi perimetralean dela pasa den astetik. Bihartik aurrera, Funes sartuko da egoera horretan, kasuek gora egin dutelako bertan, eta baheketa berezia egingo du Osasun Departamentuak, koronabirusak izan dezakeen zabalkundea atzemateko eta eteteko.

Ospitaletako presioak ez du behera egiten

Kasuei dagokienez, laugarren olatuari eusten ari zaion bitartean, ospitaletako presioak gorunzko joera agerikoa izaten jarraitzen du. Atzo beste hamase pertsona osptialeratu behar izan zituzten, eta dagoeneko 212 dira ospitaleko ohe batean diren koronabirus gaixoak, eta horietatik 41 zainketa intentsiboetako unitatean daude.

Osasun agintariak behin eta berriz nabarmentzen ari diren moduan, Britainia Handiko birusaren aldaera kutsakorragoa da, baina baita arriskutsuagoa ere, ospitaleratuta izateko aukerak biderkatzne dituelako.

80 urtetik goragokoen artean nabarmen jaitsi da ospitalreatuta izateko aukera, baina handitu egin da gazteagoen artean. Egun, ZIUetan dauden pertsonen erdiek 61 urte baino gutxiago dituzte. Horergatik, neurriak zorrotz betetzera eta zuhur izatera dei egin du osasun departamentuak. Nabarmendu dute etxeen barruan egiten diren bilkurek arriskua biderkatzen dutela, eta kutsatzeen gehiengoa halako topaketetan izan delako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!