Ikamak mobilizazioak egingo ditu gaur, ikasleak "nazkatuta" daudela salatzeko

Euskalerria Irratia 2021ko api. 21a, 10:09
Gaurko mobilizaziora deitzen duen margoketa, Iruñean. (@IkasleriaMartxa)

Ikama ikasle antolakundeak protesta egingo du gaur, ikasleek ikasturte honetan jasan behar izan duten guztiaz "nazkatuta” daudela adierazteko. Iruñeko mobilizazioa eguerdiko 12.00etan abiatuko da Hezkuntza Departamendutik.

Dagoeneko sei hilabete pasa dira ikasturtea hasi zenetik, eta ikastetxeetan bizi duten egoerarekin “nazkatuta, haserre eta amorratuta” daudela adierazi dute Ikama ikasle antolakundeko kideek. "Ikasturte hasiera inoizko zailena izan zen guretzat, baina batez ere, birusaren aurrean hartu ez zituzten neurrien eraginez".

Horrek heziketa zentroetan “egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu” egin dituela azaldu dute: “Eduki inposatu espainiar zein frantsesak, zenbait irakasleren autoritarismoa, azterketetan oinarritutako ebaluazio eredua, euskaraz ikasteko eskubide urraketa, kontrol soziala, euskal curriculumik eza, indibidualismoa, presio jasanezina, ikuspegi kritikorik eza, sorkuntza falta...”.

Hori guztia gutxi ez, eta pandemiaren aurrean emandako erantzun “hutsalak” are buruhauste gehiago ekarri dizkiela esan dute: “Protokolo faltak ageriago utzi du ebaluazio sistema honek ez digula balio. Etxean konfinatuta gauden ikasleok ez daukagu azterketak egiteko aukerarik, ez bada irakaslearen erabaki indibidualen arabera. Egoera sostengaezina da, eta ezin dugu onartu hezkuntza sailak hilabeteak pasa diren honetan ezer ere egin ez izana".

Horrek guztiak “gelditzera behartu” dituela diote, “nazkatuta” daudela esan eta mahai gainean “kolpe bat ematera”. “Ikasleok beti izan gara koiunturari aurre egiten eta gure neurrira eraikitako hezkuntza sistema baten alde lehen lerroan kokatu garen subjektua. Oraingoan ez gara gutxiago izango, ezin gara gutxiago izan".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!