Gobernuak Audenasari emandako konpentsazioari buruzko txostenak eskatu dizkie parlamentuak Kontuen Ganberari eta Nafarroako Kontseiluari

Euskalerria Irratia 2021ko api. 19a, 08:37

Nafarroako Parlamentuak onartu du Kontuen Ganberak eta Nafarroako Kontseiluak aztertzea gobernuak Audenasari emandako 6,28 milioiko konpentsazioa, pandemiaren ondorioz bidaiariak galtzeagatik.

Oposizioko alderdiek zalantzan jarri dute erabakiaren legezkotasuna, eta zenbait proposamen eraman dituzte Parlamentura, balizko gainordainketa aztertzeko.

EH Bilduk operazio osoa fiskalizatzea proposatu du. Koalizio abertzaleak gogorarazi duenez, Formula aldatzeko administrazio-prozeduran ez da errespetatu legez ezarritakoa; Eta zlaantzarik izatekotan, gobernuaren erantzukizuna da interes publikoaren alde egitea

Horregatik, Kontuen Ganberak txostena egin arte, gobernuak erabaki horren gauzatzea gelditu beharko lukeela uste du Bakartxo Ruiz eledunak.

Ildo beretik, Izquierda-Ezkerrak proposatu du Kontuen Ganberak azter dezala  ea Gobernuak Audenasari faktura ordaintzeko ezarritako formula, bi aldeek sinatutako hitzarmenarekin bat datorren.  

Bestalde, Navarra Sumak eskatu du Nafarroako Kontseiluak azter dezala operazioaren legezkotasuna lehenbailehen; Javier Esparza bozeramailearen arabera, txostenek diotenetik abiatuta, erabakiko dute erantzukizunak eskatzea ala ez; baina zuhurtziaz erabakia bertan behera uzteko eskatu hark ere du, argitu arte.

Iragan asteko osoko bilkuran, talde horiek mozio bat aurrea atera zuten Gobernuari eskatzeko interes publikoentzat kaltegarritzat jo zezala Audenasari egindako ordainketa.

Bada mozio horri lotuta, Geroa Baik esan du gobernua behartuta egongo dela osoko bilkurak helarazitakoa aztertzera; ez ordea, betetzera; eta halaber, txostenek diotenari adi egon beharko duela. PSNk, ordea, kritikatu du oposiziotik zalantzan jarri nahi direla gobernuaren jarduerak; eta erabakia legezkoa izan dela, eta txosten juridikoetan oinarritua.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!