Aroztegiaren aurkako kanpaldi “mugagabea” egingo dute

Euskalerria Irratia 2021ko api. 19a, 10:47
Aroztegiaren aurkako kideak, kanpaldian. (@BaztangoGazteAs)

Palacio de Aroztegia S.L. enpresa Lekarozen eraikitzen hasi den proiektu “txikitzailearen” aurka protestan ari dira. Lanak gelditu arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Gaur obrak geldituko dituztela jakinarazi dute.

Aroztegia makroproiektuaren aurkako mugimenduak mobilizazio ziklo berri bat abiatu du: asteburuan kanpadia eta elkarretaratzea egin dituzte, eta kanpaldiarekin “mugagabe” jarraitzea erabaki dute. Guardia Zibila kanpaldian agertu da behin baino gehiagotan ostiraletik, baina ez du hustu. Gaur obrak geldituko dituztela jakinarazi dute.

350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egiteko obrak abiatu ditu Palacio de Aroztegia S.L. enpresak. Egitasmo horrek ekarriko duen turismo eta gizarte ereduak bailaran dauden arazoak ugarituko ditu, Aroztegia eta gero zer? Plataformaren eta Baztango Gazte Asanbladaren iritziz: "Ez dezagun atzendu Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla. Beraz, parke tematikoaren itxura eman dioten proiektu honek herri baten desagerpena ekarriko du”, jarri dute adibidetzat.

Baina hori ez da arazo bakarra, diotenez: hizkuntza aldetik, ezaugarri jakin batzuetako turisten ugaritzeak euskarari kalte egingo dio; turismoari lotutako enplegua sortzeak prekarietatea hareagotuko du; eta bailararen kultur eta bizitza eredua aldatuko da, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plana gisa bideratzea erabaki zuen. Modu honetan, Baztango Udalari erabakitzeko eskumena kendu zion. Baztango instituzioak proiektuaren aurka agertu dira. "Urteak daramatzagu herri bezala proiektu honen kontra gaudela adierazten eta ez gaituzte entzun nahi. Honen aitzinean, Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei, zilegitasun sozialik ez duen UGEP hau geratzeko eskatzen diegu".

Kanpaldiaz gain, maiatzaren 15ean, 17:30ean, manifestazioa egingo dute, Elizondoko plazatik hasita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!