Aroztegia proiektuaren kontrako ‘akanpada’ egingo dute gaur

Euskalerria Irratia 2021ko api. 16a, 07:22
Aroztegiaren aurkako mugimenduaren agerraldi bat, aste honetan.

Lekarozko plazan egingo dute kanpaldia, 15:30etatik aurrera, Palacio de Aroztegia S.L. enpresak herri horretan eraiki nahi duen proiektuaren aurka. 

Aroztegia makroproiektuaren aurkako mugimenduak mobilizazio gehiago egingo ditu: gaur 15:30ean Lekarozko plazan, kanpaldia egingo dute, eta larunbatean, 17:00etan, elkarretaratzea. Era berean, maiatzaren 15ean, 17:30ean, manifestazioa egingo dute, Elizondon.

350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egiteko obrak abiatu ditu Palacio de Aroztegia S.L. enpresak. Bailaran etxebizitzaren inguruan dagoen arazoa okertuko du proiektuak, Aroztegia eta gero zer? Plataformaren eta Baztango Gazte Asanbladaren: "Ez dezagun atzendu Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla. Beraz, parke tematikoaren itxura eman dioten proiektu honek herri baten desagerpena ekarriko du".

Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plana gisa bideratzea erabaki zuen. Modu honetan, Baztango Udalari erabakitzeko eskumena kendu zion. Baztango instituzioak proiektuaren aurka agertu dira. "Urteak daramatzagu herri bezala proiektu honen kontra gaudela adierazten eta ez gaituzte entzun nahi. Honen aitzinean, Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei, zilegitasun sozialik ez duen UGEP hau geratzeko eskatzen diegu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!