Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes itxiko dituzte

Euskalerria Irratia 2021ko api. 13a, 15:00

Etxarri-Aranatzeko udaletxea.

Etxarrin eta Alesbesen baheketa berezia eginen du datozen egunetan osasun departamentuak.

Nafarroako Gobernuak, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbeseko udalei kontsulta egin ondoren, ezohiko neurri sorta bat onartu du COVID-19aren hedapenari eusteko lau herri horietan, kutsatze- eta positibotasun-indize handiak baitituzte eta goranzko joera nabarmena ikusten baita.

Neurri horiek apirilaren 15eko 00:00etan jarriko dira indarrean, eta bi asteko iraupena izango dute hasieran, apirilaren 29ra arte (egun hori barne), luzatzeko, aldatzeko edo ondoriorik gabe uzteko aukerarekin, egoera epidemiologikoaren arabera.

1.000 biztanle inguru dituen Arbizuko udalerrian, azken 14 egunetako intzidentzia metatua (martxoaren 29tik apirilaren 11ra) 100.000 biztanleko 3.621 kasutan kokatu da; aurreko zazpi egunetan, berriz, 1.515 kasu izan dira.

Etxarri Aranatzen, 2.500 biztanle ingururekin, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 2.158 kasukoa izan da; aurreko zazpi egunetako intzidentzia, berriz, 1.710 kasukoa.

Lodosan, 4.800 biztanle ingururekin, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 2.046,7 kasukoa izan da; aurreko zazpi egunetako intzidentzia, berriz, 1.178,4 kasukoa.

Alesbesen (2.900 biztanle inguru), azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 1.017,9koa izan da, aurreko zazpi egunetako intzidentzia bezala (1.070,9 kasu).

Hori dela eta, beharrezkoa ikusi dute neurri murriztaile osagarriak hartzea, hala nola udalerrira sartzeko eta handik irteteko pertsonen mugikortasuna mugatzeari buruzkoa (ez, ordea, etxebizitzena), konfinamendu perimetral batean.

Gainera, Etxarrin eta Alesbesen COVID-19a atzemateko baheketak egingo dituzte datozen egunetan. Etxarrin 15 eta 29 urte bitarteko eta 45 eta 64 urte bitarteko taldeetako 820 pertsonari eginen zaie proba. Halaber, Tuterako Osasun Barrutiko profesionalek probak egingo dizkiete 15 eta 29 urte bitarteko 400 pertsonari Alesbesen. Bi gailuak antolatu bezain laster, baheketak egiteko ordutegia eta tokia jakinaraziko dira, bai eta zitazio-prozedura ere.

Bi baheketen populazioa hautatzeko, aurreko 10 egunetan proba diagnostiko bat egin dutenak baztertuko dira, bai eta azken hiru hilabeteetan PCR edo antigeno-test bidez emaitza positiboa izan dutenak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!