Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak berriz ere adirazi du autonomia erkidegoek "tresna egokiak" dituztela pandemiari eusteko neurriak ezartzeko. Zehaztu duenez, ulertzen du maiatzaren 9tik aurrera alarma egoera luzatzea eskatzen duten autonomia erkidegoen egoera, batzuek auzitegiekin arazoak izan dituztelako; baina gogorarazi du Nafarroan ez dela halakorik gertatu, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bermatu dituela alarma egoeraren markotik kanpo proposatu diren neurri guztiak.
Pedro Sanchez Gobernuko presidentearen adierazpenak defendatu ditu, beraz, eta azpimarratu du oraindik ez dutela erabakirik hartu; haren hitzetan, Sanchezek aukera gisa adierazi baitzuen alarma egoera ez luzatzea. Oraindik hilabete geratzen denez, "ikusteko dago" zer gertatzen den ordura arte.
Janssenen txertoa, iristear
Koronabirusaren datuei erreparatuta, uste du azkarregi dela datozen asteetan egoera epidemiologikoak izango duen joerari buruzko aurreikuspen argiak egiteko, baina aste honetan hazkundean geldialdi bat egon daitekeela dio, ondoren intzidentzian behera egiteko. Une honetan kezkatzen duena zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa da.
Txertoei dagokienez, jakinarazi du datozen bi egunetan helduko direla Janssenen lehen txertoak, baina oso gutxi izango direla, 2.000 inguru lehen aste honetan. Gaineratu duenez, une honetan ez dago inolako arazorik txertoen banaketarekin.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!