Nafarroak gaurtik aurrera txertaketa prozesuan sartuko ditu covid-19a hartuz gero gaixotasun larria izateko arrisku oso handia duten pertsonak: hemodialisia duten pazienteak, tratamendu onkologikoak, transplantatuak eta Down sindromea duten pertsonak. Txertaketa estrategian jasotako 7. taldea osatzen dutenak dira. Hala iragarri zuen joan den ostiralean Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Talde horretako 5.000 kide baino gehiagorekin harremanetan jarriko dira ospitaleko zerbitzuak, hitzordua eta txertaketa egiteko. Gaur abiatuko da Nafarroako Ospitale Gunean eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalean, eta gutxika jarraituko du, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean eta Foru Erkidegoko beste zentro batzuetan.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, txertaketa prozesuari dagokionez, joan den larunbatean 3.733 dosi eman zituzten, eta kopuru osoa 154.289ra igo da. Orain arte Foru Erkidegoak 172.555 dosi jaso ditu. Halaber, 47.982 pertsonak jaso dituzte bi dosiak, larunbatean horietako 632k bigarrena jaso ostean.