Indarrean sartu da Covid-19ren aurkako neurrien luzapena, apirilaren 22ra arte

Euskalerria Irratia 2021ko api. 9a, 09:42

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak argi berdea eman zion atzo osasun arduradunek egindako proposamenari, neurriak "beharrezkoak eta zentuzkoak" direla iritzita. Apirilaren 22ra arte egongo dira indarrean. 

Ostiral honetan sartu da indarrean Nafarroako Gobernuak Covid-19ren aurka onartutako azken neurrien luzapena, eta apirilaren 22ra arte egongo dira indarrean, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, betiere.

Horiek Osasun kontseilariak ostegun honetako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Foru Agindu batean jasotzen dira, eta ostalaritzako barnealdearen itxiera barne hartzen dute. Lokalek janaria etxez etxe edo jasotzeko eman ahal izango dute, 22:30ak arte, eta terrazak %100ean irekita egongo dira, 21:00ak arte, araudian ezarritako baldintzetan.

Barrualdeak ixteko betebeharretik kanpo geratzen dira hoteletako jantokiak eta beste ostatu batzuk; ostatu hartuta daudenei soilik zerbitzatu ahal izango dizkiete otorduak, mahai bakoitzeko gehienez lau pertsona egonda. Osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola eta unibertsitateetako jantokietan, enpresa jantokietan eta izaera sozialeko jantoki zerbitzuetan ere ireki ahal izango dituzte zerbitzuak. Gainera, salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da bidaiarien edo egiaztatutako salgaien garraioko langileentzako jatetxe zerbitzua duten lokal jakin batzuen barrualdea irekitzeko.

Bestalde, ezabatu egiten da bingoen, joko aretoen eta jolas aretoen jarduera establezimenduetako barrualdeetan egiten den jarduera oro. Merkataritza edukierari dagokionez, %30era murriztu da azalera ertain eta handietan, eta ezin izango da eremu komunetan egon, ezta jolas eremuak erabili ere. Saltoki txikien gehieneko edukiera %50ekoa da.

Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioetan, debekatuta daude familia, gizarte, lagun edo aisialdi ospakizunak, janaria edota edaria kontsumituz gero, barnealdean. Kanpoan, gehienez 20 pertsona baimenduko dira ospakizun-talde bakoitzeko.Eta kultu jarduerei dagokienez, 21:00ak arte egitea gomendatzen da, betiere edukiera mugak eta osasun neurriak errespetatuz.
 
Bestalde, biharko 00:00etan, presidentearen foru dekretuak indarra hartuko du, Foru Erkidegoaren perimetroa ixteko neurriak luzatuz, gaueko mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara mugatuz, eta eremu publiko irekian gehienez sei pertsonako eta eremu publiko itxian lauko bilerak egiteko murrizketak ezarriz. Eremu pribatuan, bilerak bizikidetza unitatera mugatuko dira.

Cadreita eta Milagro
 
Bestalde, Nafarroako Aldizkari Ofizialak ostegunean argitaratu zituen Cadreitan covid-19aren hedapenari eusteko ezarritako ezohiko neurriak, kutsatze eta positibo tasaren joera goranzko baita.

Ezohiko neurriak ostiral honetako 00:00etan sartuko dira indarrean, eta bi asteko iraupena izango dute, apirilaren 22ra arte, egun hori barne, eta luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe uzteko aukera izango dute, egoera epidemiologikoaren arabera.

Bestalde, Milagrorako ezarritako ezohiko neurriak apirilaren 15era arte luzatzea ere argitaratu du aldizkariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!