Nafarroak aurreko egunean baino 11 positibo gehiago izan ditu, 209 guztira, eta positibo tasa %7,3tik %8,7ra igo da, 2.411 PCR eta antigeno proba egin ostean.
Foru Erkidegoak hamabi egun zeramatzan 200 kasu baino gutxiagorekin, baina kopuru horretatik gertu. Langa hori ez zen gainditzen egun bakarrean duela bi astetik, martxoaren 25etik, eta ez zen hain zenbaki altua erregistratzen otsailaren 4tik; orduan 225 kasu izan ziren.
Kutsatzeen goranzko joerak, ospitaleratzeen gorakadarekin eta Erresuma Batuko aldaeraren inpaktuarekin batera, ekarri du Foru Gobernuak gaur egungo murrizketak apirilaren 22ra arte luzatzea, bai ostalaritzaren itxierari eta edukiera mugei dagokienez hartutako azken neurriak, Osasuneko kontseilariaren foru aginduan jasoak, bai eremu publiko eta pribatuko mugikortasunari eta bilerei dagozkienak, presidentearen foru dekretuan jasoak.
Kutsatze gehien dituzten guneei dagokienez, Lodosak 17 kasu berri izan ditu, bost egunetan 43 pilatu ditu, parkeak ixtea agindu du eta kultur jarduera guztiak atzeratu ditu; eta Tuterak 14 erregistratu ditu eta azken bost egunetan 51 pilatu ditu. Ondoren daude Fitero bederatzirekin eta Burlata zortzirekin.
Kasuen gorakadagatik konfinatuko dituzten udalerriei dagokienez, Cadreitak eta Arguedasek hiru kasu berri erregistratu dituzte azken egunean, eta Milagrok, martxoaren 24tik itxita dagoenak, bi.