N-121-A errepideko trafikoa 11 tokitan etengo dute apirilaren 16an

Euskalerria Irratia 2021ko api. 7a, 09:29
N-121-A errepidea, artxiboko irudi batean.

Errepide horretarako segurtasun gehiago eskatuko dute, eta nazioarteko trafiko astuna A-15era desbidera dezatela.

Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepideak kaltetutako alkate eta bizilagunek beste protesta deialdi bat egin dute: oraingoan 11 tokitan etengo dute trafikoa, segurtasun handiagoa eta nazioarteko trafiko astuna desbideratzea eskatzeko.

Datorren apirilaren 16an, ostiralarekin, egingo dituzte, 19:00etan. Halaber, antzeko protesta bat egingo dute PA-30 errepidean, Uharte parean. Aurreikuspenen arabera, elkarretaratze bakoitzean hogei bat pertsona egongo dira, pankartekin.

Oronoz-Mugaireko 20 bat udal ordezkarik eta suhiltzailek N-121-A errepidea itxi eta hilabetera egingo dituzte elkarretaratzeak. Martxoaren 16an egin zuten protesta ekintza hori, Foru Gobernuari Belateko eta Almandozeko tuneletatik egunero igarotzen diren milaka erabiltzaileren segurtasuna bermatzeko premiazko neurriak har ditzala eskatzeko. Izan ere, N-121-A errepidean, batez beste, 125 istripu izaten dira urtean, eta 3-4 hildako.

Nafarroan jatorria eta helmuga ez duen nazioarteko trafiko astuna A-15 errepidera desbideratzeko eskatzen diote Nafarroako Gobernuari. Gobernua, berriz, hasi da dagoeneko errepidea 2+1 bihurtzeko lanetan; baina eremuko bizilagunek eta alkateek argi dute sistema horrek ez duela arazoa konponduko.

Aurreko protestan salatu zutenez, gobernuak hamabost urte izan ditu tunel horiek egokitzeko, eta ez du egin beharrekoa egin. Oraindik ez dute Europak ezarritako segurtasunerako araudia betetzen, eta isunak jasotzeko arriskua du. Hala ere, isunetatik harago, gehiago itxaron gabe neurriak hartu behar dituztela azpimarratu zuten. "Tunelak erabiltzen ditugun erabiltzaileentzako segurtasun neurriak hartzea eskatzen dugu.  Baina egiten ez dutenez, kalera ateratzea beste aukerarik ez dugu, ezin baitugu gehiago itxaron egokitzeko lanak hasteko ".

Protesta egin eta egun batera, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak esan zuen ezin zela nazioarteko trafikoa "arbitrarioki" mugatu.

11 puntu zehatzak

Zirkulazioa bost minutuz etengo dute N-121-A errepideko puntu hauetan: 5. kilometroko puntua (Ezkabarte); 10,5. kilometroko puntua (Olaibar); 14. kilometroko puntua (Odieta); 16. kilometroko puntua (Anue); 22,5. kilometroko puntua (Lantz); 26. kilometroko puntua (Ultzama-Arraitz); 38,5. kilometroko puntua (Baztan); 38,5. kilometroko puntua (Donebantzi); 49. kilometroko puntua (Baztan). PA-30aren kasuan, kontzentrazioa 8,5. kilometroan izango da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!