Ostiralean amaituko da Aste Santuko murrizketa guztien epea, apirilaren 9an. Egoera epidemiologikoa gero eta larriagoa da Nafarroan, eta horrek egungo murrizketak luzatzera bideratzen du Foru Erkidegoa.
Batetik, lehendakariak sinatutako Foru Dekretuaren menpeko neurriak daude: erkidegoaren perimetroaren itxiera, etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara, eta etxebizitzetan bizikidetza unitatera mugatutako bilerak. Murrizketa horietarako, gobernuak hamabost eguneko luzapena aurreikusten duela iragarri du dagoeneko.
Bestetik, Santos Indurain Osasun kontseilariak sinatutako Foru Aginduan Nafarroako ostalaritzaren barnealdeen itxiera dago. Agindu hori apirilaren 1ean sinatu zen, eta ostiralean amaituko da. Indurainek adierazi zuen astebeteko itxieran denbora tarte laburregia zela neurriaren eraginkortasuna ebaluatzeko; beraz, pentsa daiteke luzatuko dutela neurria. Osasuneko arduradunen ustez, ostalaritzako barnealdeak itxita egon beharko luke beste astebetez, eta ez dute baztertzen hamalau egun izatea.
Epailearen oniritzia beharko du
Gogoratu beharra dago agindu horrek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aldez aurreko baimena behar duela. Orain arte, auzitegiek ez diete trabarik jarri Foru Gobernuak gai honetan egindako planteamenduei, eta ez dirudi zalantzarako tarterik irekiko duenik oraingoan.
"Ez da gorakadarik espero Aste Santutik bueltan"
Nolanahi ere, Txibite presidenteak atzo esan zuenez, Nafarroak gaur iragarriko ditu gai horren inguruan dituen asmoak. Foru Gobernuko buruak adierazi zuen espero duela Nafarroa "goi-ordoki fasean" sartzea Covid-19 kasuen kopuruan, "gero intzidentzia jaisten joateko". Aste Santutik aurrera kasu gehiago ez direla espero ere ziurtatu zuen, eta gogoratu zuen helburu horrekin hartu zutela tabernen barnealdeak ixteko neurria.