Garbiketaren sektorean greba egingo dute hilaren 13tik 16ra

Euskalerria Irratia 2021ko api. 7a, 08:17
Garbiketa sektoreko sindikatuetako ordezkariak, gaur egindako agerraldian.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Solidari sindikatuek deitu dute grebara. Sektoreak pairatzen dituen arazoak konpontzeko hitzarmen bat eskatuko dute.

Garbiketa sektoreko sindikatu guztiek –ELA, LAB, CCOO, UGT eta Solidarik– bat egin dute Nafarroako garbiketa sektoreko langile guztiak grebara deitzeko. Hainbat mobilizazioren ostean hartu dute erabakia, eta hilaren 13tik 16ra egingo dute. Hainbat arrazoi daudela adierazi dute.

Funtsezko sektore bat direla nabarmendu dute, eta pandemian hasieratik aritu direla premiazko espazioak garbitzen, baina, hala ere, salatzen dute haien baldintzak ez direla egokiak. “Urteak daramatzagu soldata izoztuarekin, eta soldata arrakala handia pairatzen, eta gaixotzen garen bakoitzean nominetan murrizketak jasotzen ditugu”, adierazi du LABeko Maria Urrutiak. Oso sektore feminizatua dela gogorarazi dute, eta gero eta lanaldi laburragoak dituztela gaineratu.

Sektoreak pairatzen dituen arazoei aurre egiteko, eta hitzarmenaren negoziazioan akordio bat lortzeko asmoz, hiru puntu proposatu zioten patronalari: batetik, soldata arrakalari aurre egiteko, soldatak KPIaren gainetik “nabarmen” igotzea; bestetik, bajetan ordaintzen diren osagarriak berreskuratzea, eta %100ean jasotzea; eta, azkenik, lanaldiak handitzea ahalbidetuko duen klausula bat ezartzea, “bizitzei gure soldatekin eutsi ahal izateko”.

Baina patronalak ez die jaramonik egin eskaerei, salatu dutenez: “Arazo hauek aitortu eta sindikatuon eskaerak positiboki baloratu beharrean, negoziazio mahaitik altxatu eta alde egin zuen; une honetan, zoritxarrez, mahaiaren bestaldean ez dago inor”.

Hori dela eta, grebara deitu dute, eta ohartarazi dute, patronalak langileen aldarrikapenei jaramonik egin ezean, “mugagabe” luzatu ahalko dela. Asteartean, hilaren 13an, goizean goiz piketeak egingo dituzte, 05:00etan NUPen hasita, eta 11:00etan manifestazioa, Gurutze plazatik abiatuta. Tokian toki ere mobilizazioak egingo dituzte aste osoan.

Babes eskaerei herritarrei

Garbiketa bezalako sektore bateko grebak izan ditzakeen ondorioez kontziente direnez, Nafarroako biztanleei eskatu diete “ulermena, babesa eta elkartasuna”. Sektoreko langileak, berriz, “trapuak, eskularruak, mopak eta desinfektatzaileak” uztera animatu dituzte. “Berriz ere ikusiko da zer gertatzen den funtsezko sektore bat gelditzen denean”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!