Aste honetan, aurreko astean baino %10 kasu gehiago izan dira. Astebete kateatu du Nafarroak 150 kutsatuen langaren gainetik. Espainiar estatuko intzidentzia tasarik altuena du Nafarroak. 352 puntukoa da.
Igandean 175 kasu atzeman zituzten, atzo antzera. Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera, atzo 178 positibo atzeman dituzte.
Nafarroan positibotasun tasak gora egiten jarraitzen du, igandean %11koa izan zen. Bikoiztu egin da beraz, osasunerako mundu erakundeak epidemia bat kontrolpean dagoela esateko aholkatzen duen muga. Atzo %8,3koa izan zen tasa.
Azken egunetan bezala, Tutera (13 positibo guztira) eta Cadreita (12 positibo) izan ziren positibo gehien pilatu zituzten herriak. Ondoren, Lodosa eta Iruñeko Arrotxapea eta Donibane auzoak, 10ekin. Ondoren, Burlata eta Atarrabia (9), Buztintxuri (6), Milagro eta Iturrama (5), eta Arguedas, Txantrea, Ermitagaña eta Tafalla (4). Iruñean 47 kasu izan ziren.
Ospitaleen presioak okerrera egin du azken bi asteetan. Igandean 150 paziente zeuden COVID-19agatik ingresatuta ospitale-sarean, aurreko egunean baino bost gehiago. Bikoiztu egin da ospitaleetako presioa. 24 pertsona daude ZIUan.
Sei pertsona ospitaleratu zituen igandean koronabirusarekin lotuta, horietako bi ZIUn, eta 86 urteko emakume bat hil zen gaixotasun horren ondorioz. Nafarroan 1.127 heriotza baieztatu dituzte guztira. Azken astean sei egun kateatu dira heriotzarik gabe, baina joera okertu dute azken berriek.
Jakina denez, goranzko joera horren ondorioz, murrizketak gogortu egin dira Aste Santuan, eta apirilaren 9ra arte egongo dira indarrean, luzatzeko aukerarekin. Joan den apirilaren 1etik, ostalaritzaren barrualdea itxita dago, merkataritza-edukiera %30ean dago azalera ertain eta handietan, eta bileren, konfinamendu perimetralaren eta etxeratze-aginduaren mugak mantentzen dira.
Gogorragoak dira, gauerditik, berriz, Argedasen. Perimetralki itxi du gobernuak herria bi astez. Salbuespen batekin: SendaVivara joateko aukera bai izanen dute Argedasetik kanpokoek, nahiz eta parkea Argedas herrian egin.
2.300 biztanle inguru ditu herriak eta asteburu honetan, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 2.810 kasukoa izan da; aurreko 7 egunetako intzidentzia, berriz, 2.151 kasukoa. Horrek goranzko joera adierazten du, kasuen ehuneko 76 azken aste horretan kontzentratu dira.