Indurainek ohartarazi du Nafarroa "laugarren olatuaren atarian" dagoela, baina "itxaropenerako arrazoiekin"

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 24a, 13:13

Osasun kontseilariak kezka agertu du egoera epidemiologikoak egiten duelako okerrera egunez egun, baina "itxaropenerako arrazoiak" daudela esan du, datozen asteetan txertaketari emango dioten bultzadagatik.

Nafarroako Gobernuak onartu ditu Aste Santurako neurriak luzatzeko Foru Agindua eta Foru Dekretua, baina "egoera egunez" egun aztertuko dutela ohartarazita, beharrezkoa bada, neurriak gogortzeko.

Santos Indurain Osasun kontseilariak ohartarazi du egoera epidemiologikoa korapilatzen ari dela, eta arrisku ertainetik arrisku altura igarotzeko bidean dela. Izan ere, iragan astean kasuak %54 hazi ziren aurrekoarkein alderatuta, ospitaleratzeak 34tik 42ra igaro ziren, positibo tasa %5etik gora dago, eta aldaera britaibniarra nagusitu da dagoeneko, %85era iritsita.

Horiek horrela, kontseilariak kezka agertu du: "Laugarren olatuaren atarian gaude, eta lortu behar dugu kontrolatzea". 

Hala ere, itxaropenerako arrazoiak ikusten ditu, txertaketa kanpainak aurrera egiten duelako. Une honetan, zentratuta daude kanpainaren bigarren etapa bukatzean, presona nagusienen immunizazioa lortzeko. Azaldu duenez, apirilaren hasierarako 80 urtetik gorako populazioaren osotasuna txertatua izatea lortuko dute.

Sare publiko eta pribatuko osasun langileek, eta kontaktu handiko lanak dituzten beste profesional batzuek ere txertoa jasoko dute datorren hilaren hasierarako. Aste Santuaren itzuleran, 70 eta 79 urte bitartekoei emango diete lehentasuna, eta horiei batuko zaizkie beste kolektibo zaurgarri batzuk. Baina aurki beste agerraldi bat eskainiko dute, xehetasun guztiak emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!