Etxerat-ek salatu duenez, izurritearekin, Espainiako eta Frantziako estatuek "espetxeen barnean espetxe gehiago eraikitzera" jo dute; eta ezarritako neurri hertsatzaileek eragin handia izan dute presoen buru eta gorputz osasunean. Pertsona horiek, gainera, birusa hartzeko arrisku handia dute, erabilera komuneko espazio oso itxiak partekatzen dituztelako, eta horrek kutsatze faktorea handitu egiten duelako.
Hori dela eta, Etxera-tek premiazkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun departamentuek zein Espainiako eta Frantziako Osasun Ministerioek "berehalako" plangintza bat egin dezatela, espetxeetako populazioa "lehentasunez" txertatzeko, presoak birusetik babesteko ez ezik, baita haien bizi-baldintza orokorrak hobetzeko ere.
Nazioarteko aginduak
Halaber, txertatzea abiatzearekin batera, beste neurri batzuk hartzea galdegin diete Madrilgo eta Parisko administrazioei, hala nola kopuruz eta kalitatez egokiak diren musukoak eta beste osasun bitarteko batzuk banatzea. Nazioarteko erakundeen gomendioak berriro betetzeko ere exijitu dute; alegia, adineko presoak eta gaixo daudenak askatzeko.
Gogoratu duten moduan, pertsona guztiek dute eskubidea beren osasuna sustatua eta babestua izan dadin, eta presoen kasuan, erakunde publikoen ardura da hori bermatzea.