Gazteen emantzipaziorako proposamenak bildu ditu Ernaik

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 23a, 13:52

"Gazteok non? etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat" txostena osatu du Ernai gazte antolakundeak. Etxebizitzaren gaia gazte perspektibatik lantzeaz gain, alokairua erregulatzeko legearen proposamen bat plazaratu dute.

'Gazteok non? etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat' txostena aurkeztu du Ernaik astearte honetan Iruñeko parlamentuen aurrean. 

"Gazteak larrialdi egoeran gaude. Pandemiak are zaurgarriago bihurtu gaitu, baina egiturazko arazo bati buruz ari gara", adierazi dute. Prezio altuek eta prekarietateak etxebizitzarako eskubidea zaildu dutela argudiatu dute, eta azpimarratu dute gazteek soldataren zati handi bat etxebizitza ordaintzera bideratu behar dutela. Hego Euskal Herriko emantzipaziorako bataz besteko adina 30 urte ingurukoa da; Europan, aldiz, 26 urtekoa.

"Alokairu soziala" eta "etxebizitza publikoak" beharrezkoak direla azaldu du Ernaik.. Alokairua ordaindu ahal izateko gazteentzako diru laguntzak eskatu ditu, "alokairura gazte baten diru sarreren %15a gehienez" bideratzeko. Hala, "bestelako etxebizitza eredu edo proiektuak sustatzea" exijitu du Ernaik, "bizi eredu komunitarioa" oinarri.

Etxegabetzeak gelditu behar direla iritzi du Ernaik, astelehen honetan 23 urteko gazte etxegabe bat Bilbon hil zela gogoratuz. Okupazioa irtenbide gisa kokatzen du ere, etxebizitzaren eskuragarritasun ezaren aurrean dagoen alternatiba errealen faltagatik, "hautu legitimo bezain beharrezkoa" iruditzen zaie. Okupazioaren despenalizazioa aldarrikatu dute .

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!