Transfugismoaren aurkako estatuko ituna bete dezatela eskatu dute Nafarroako hainbat parlamentarik

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 22a, 08:53

PSNren arabera, Lizarrako Udalean EH Bilduk eta Geroa Baik PSNtik kanporatutako bi zinegotziren babesarekin aurrera atera zuten zentsura mozioa "transfuguismo kasu argi bat" izan zen; Geroa Bairen eta EH Bilduren arabera, kasu hori ezin da beste erkidego batzuetan gertatutakoarekin alderatu. 

Estatuan transfuguismoaren aurkako ituna 1998tik indarrean dagoela eta iaz berritua izan zela gogorarazi dute. Testu horren bidez, alderdiek konpromisoa hartzen dute ordezkaritza politikoaren aurkako jarrerak saihesteko, eta, hala, herritarrek beren botoekin adierazitakoa betetzeko. Nafarroako Parlamentuan, eledun guztiek eskatu dute akordio hori betetzeko.

Gehienek ez dute beharrezkoa ikusten beste itun bat sinatzea Nafarroarako, estatukoarekin aski izan beharko lukeelako, eta horrek funtzionatzen ez badu, ez dute uste hemen beste bat egitea litzatekeenik konponbidean. Edonola ere, Ramon Alzorrizek bai zehaztu du bertako akordio bat eginez gero sozialistak alde agertuko liratekeela. Uxue Barkosek, bide beretik, esan du, Madrilen ituna sinatu zuten alderdi batzuek Nafarroan ordezkaritza duten heinean, eta konpromiso horiek beren gain hartzen dituzten heinean, zentzuzkoa iruditzen zaiola Nafarroari transfuguismoaren aurkako ituna egitea.

Lizarrako kasua

Bertara etorrita, PSNk baieztatu du EH Bilduk eta Geroa Baik duela urtebete Lizarrako Udalean aurrera atera zuten zentsura mozioa, PSNtik kanporatutako bi zinegotziren babesarekin, "transfuguismo kasu argi bat" izan zela;  Geroa Baik eta EH Bilduk, berriz, adierazi dute kasu hori ezin dela beste erkidego batzuetan gertatutakoarekin alderatu. Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen arabera, Lizarrako kasuan, PSNren herri horretako batzarrak zentsura mozioa babestu zuen. 

Murtzian gertatutakoari dagokionez, Navarra Sumari buruzko zalantzak ugaritu direlarik, Jose Suarez parlamentariak, PPko buruak, azpimarratu du, beste behin ere, bere alderdiak "konpromiso irmoa" duela Navarra Sumarekin, eta, beraz, krisi honek ez duela koalizioaren etorkizuna aldatuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!