"Pertsona guztientzako eskubideak" eskatu dituzte Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 22a, 09:07

Atzoko manifestazioko irudi bat. (Ekinklik)

Nafarroako Koordinakunde Antiarrazistak deituta, manifestazioa egin zuen atzo Iruñean, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, "migratzaileek egunero jasaten duten arrazakeria" salatzeko eta "pertsona guztientzako eskubideak" eskatzeko.

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo, eta hiri gehienetan manifestazioak eta bestelako aldarrikapen ekintzak antolatu zituzten. Iruñean, Nafarroako Koordinakunde Antiarrazistak deituta, manfiestazioa egin zuten, Eskubide guztiak denontzat lelopean. 
 
Protesta Baluarteko plazatik abiatu zen, eta Gazteluko Plazan amaitu, han manifestu bat irakurrita. Ibilbidean oihukatu zituzten aldarrikapenen artean izan ziren "Bertakoa edo atzerritarra, langile klase bera" edota "Europak eskuak zikinduta ditu".

Ibilbidean zehar zenbait testigantza kontatu zituzten, eta eguneroko bizipenak adierazi zituzten; salatu zuten, adibidez, afrikar jatorrikoak izateagatik ez dizkietela etxebizitzak alokatzen, edo poliziek egunean hainbat aldiz gelditzen dituztela.

Hala, autobus geltokiaren ondoan salatu zituzten "poliziaren arraza profilagatiko kontrolak", Espainiako Ordezkaritzaren aurrean eskatu zuten "paperik gabeko pertsonak legeztatzea", eta Diputazioaren aurrean "etxebizitza bat alokatzeko dituzten arazoak".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!