Parlamentuak apustu etxe berrietarako luzamendua irailera arte luzatzea babestu du

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 18a, 07:53

Aurretik gobernuak onartutako dekretuaren arabera, joko areto, bingo eta apustu lokal berriak jartzeko eta tabernetan joko makinak erabiltzeko lizentzia berriak emateko luzamendua irailaren 30era arte luzatuko da.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak Nafarroako Gobernuak onartutako foru lege dekretu bat baliozkotu du ostegun honetan; dekretu horren arabera, joko-areto, bingo eta apustu-lokal berriak jartzeko eta tabernetan joko-makinak erabiltzeko lizentzia berriak emateko luzamendua irailaren 30era arte luzatuko da.

Foru Gobernuak 2019ko urrian hasi zituen jokoaren legea aldatzeko lanak, ludopatia prebenitzeko, adingabeak eta egoera ahulean dauden kolektiboak babesteko eta joko arduratsua bultzatzeko helburuekin. Hori dela eta, eten egin zuen lokalen lizentzien emakida. Ondoren, 2020ko martxoan, tabernetako joko makinetarako lizentzia berririk ez ematea erabaki zuen.
 
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek babestu dute gobernuak onartutako dekretua. EH Bildu, bere aldetik, abstenitu egin da, ez baitu alderdi fiskala aipatzen zuen dekretuaren zati bat babesten, nahiz eta gainerako dekretua babesten zuen.
 
Ludopatiari buruzko azterketa

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak 2019ko urrian onartu zuen batzorde txostengile bat sortzea jokoaren eta ludopatiaren arloan ondorioak aztertzeko eta lantzeko, eta bere lana aurkeztekotan da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!