Esparzak eta Perez-Nievasek senatari akta uzteko eskatu diote Ruth Goñiri

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 18a, 09:42
Carlos Perez-Nievas eta Javier Esparza, parlamentuan solasean.

Ruth Goñi Ciudadanoseko Nafarroako senatariak atzo iragarri zuen alderdia utziko zuela, baina ganberan jarraituko zuela. Nafarroako Parlamentuan, Navarra Sumako kideek gogor kritikatu dute haren jarrera. 

Navarra Sumaren barruko tira-birak ugaritzen ari dira. Azken talka Madrildik etorri da: Ruth Goñik erabaki du Ciudadanos alderditik baja ematea, baina 2019an botoa eman zioten "nafarren ideiak defendatzen jarraitzea", senatari karguari eutsita. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Goñik azaldu du "Ciudadanosek ideologia aldatu" duela. "Baja eman dut alderdian", idatzi du Twitterren. "Eskerrik asko Ciudadanosi urte hauetan proiektu politiko zoragarri bat defendatzeko aukeragatik", esan du alderdiko Nafarroako Antolakuntza idazkaria izandakoak. 

2019ko apirilean lortu zuen sentarai eserlekua, Navarra Sumaren hautagaitzaren barruan, eta 109.184 nafarren babesa jaso zuen. Senatuko Ciudadanosen bozeramaile laguntzailea izan zen 2019ko maiatzetik abendura, Diputazio Iraunkorreko kidea eta Ekonomia eta Enpresa eta Barne Batzordeetako eta Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorreko bozeramailea. Aurretik, Nafarroako Ciudadanosen Antolakuntza idazkaria izan zen bost urtez.
 
Esparza eta Perez-Nievas, haserre

Mugimendu horrek are gehiago zabaldu du joan den astean Navarra Suma koalizioaren barruan sortutako arrakala. Javier Esparza hirukoaren presidenteak gaur adierazi du, Ruth Goñik "senatariaren akta utzi" beharko lukeela, Ciudadanoseko kide izateagatik aukeratu zutelako Navarra Suma barruan. "Eserleku salerosketa" kritikatu du: "Gaur hemen nago eta bihar beste alderdi batean izango naiz. Hori ez da onuragarria, ez digu laguntzen".

Carlos Perez-Nievas Ciudadanoseko parlamentariak, ordea, esan du Goñiren irteera ez dela "ezustekoa", eta onena "alderditik kanpo" egotea dela: "Jarrera horrekin eta forma horiekin onena kanpoan egotea da. Ciudadanosen ideiak eta duintasuna ez duten pertsonen garbiketa beharrezkoa da. Orduak daramatzat Ruthi akta emateko esaten. Berak dio herritarrek bera aukeratu dutela, baina Ciudadanosen ez balego, inork ez zion botorik emango. Joan egin behar du eta akta entregatu. Duen duintasun apurra bidean uzten ari da "

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!