Kasedako adinekoen egoitzako zuzendaritzak zentroa utzi duela salatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 17a, 08:38
LAB sindikatuaren pankarta bat, Kasedako egoitzan (@LABszkNafarroa)

Salatu dutenez, zuzendaritzak alde egin du egoiliarrei hileko kuota kobratuta eta langileei azken nomina ordaindu gabe. Alkateak jakinarazi duenez, enpresa berri batek hartuko du zerbitzua bere gain 

Izquierda de Caseda/Kasedako Langileak udal oposizio taldeak jakitera eman duenez, Tomas, Javiera eta Lydia Recari udal egoitza legez eratutako zuzendaritzarik gabe funtzionatzen ari da martxoaren 1etik, enpresa kudeatzaileak otsailaren 28an udalarekin zuen kontratua hautsi eta 24 langileak hileko nominak ordaindu gabe alde egin ondoren.

Adinekoen zentroaren kudeaketa Centro Residencial de Cáseda S.L. enpresaren esku zegoen 2016az geroztik. Enpresa hori Amaia Santamariak eta Miguel Ángel Cuevasek osatzen dute, bigarren hori gaur egun Navarra Sumako zinegotzia dena Barañaingo Udalean. Udalarekin bi urtean behin berritzen zuten 2022ko martxora arte indarrean zegoen kontratua.

Azken aldian enpresa hitzarmena negoziatzen ari zen langileekin, baina negoziazioa geldituta zegoen. Abenduan langileen kontzentrazio bat baino gehiago egon zen, eta ordutik egoera larriagotu egin dela azaldu dute.

Zuzendaritzak zentroa utzi zutenetik, langileak arduratzen dira zerbitzuaz eta kudeaketaz, Izquierda de Caseda/Kasedako Langileak taldeak argitara eman duenez. Oposizioko udal taldeak San Zoilo taldeko Jesus Esparza alkateari eskatu dio informazioa eman dezala  kudeaketa hutsunearen inguruan.
 
Zuzendaritzaren eta langileen arteko koordinaziorik eza pandemiaren hilabete gogorrenetan du jatorria, langileek salatu dutenez, osasun krisiari bakarrik aurre egin behar izan diotelako.
 
Arazoak ez ziren bideratu, eta otsailaren 19an enpresak udalari jakinarazi zion hil horren azken egunean zerbitzuak emateari utziko ziola. Hala egin zuen, salatu dutenez, egoiliarrei hileko kuota kobratu ondoren, langileei azken nomina ordaindu gabe utzita eta 9.300 euroko zorra utzita. Oposizioko taldeak uste du enpresak kontratua bete behar zuela edo, bestela, irteerak mailakatua bilatu behar zuela.
 
Kudeatzaile berria 
 
Jesus Esparza alkateak jakinarazi du Sociedad Gerontológica de Cáseda S.L enpresak hartuko duela zentroaren kudeaketa eta, gainera, bere gain hartuko dituela langileen nominak eta aurreko kudeatzaileek ordaindu gabeko fakturak ordaintzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!