Parlamentuko eledun gehienek pandemiaren kudeaketaren irakurketa baikorra egin dute

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 15a, 08:43

Eledun guztiek, Navarra Sumakoak izan ezik, irakurketa positiboa egin dute; esanez parlamentuak gobernuaren proposamenak osatzeko eta ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko lan egin duela.

Urteko balantzeak zeharkatu du Nafarroako Parlamentuko mahaiaren ondorengo agerraldia. Bozeramaileek gizarteari eta zerbitzu publikoetako langileei eskertu diete azken hamabi hilabeteetan egindako ahalegina.

Kudeaketari dagokionez, eledun guztiek, Navarra Sumakoak izan ezik, irakurketa positiboa egin dute; esanez parlamentuak gobernuaren proposamenak osatzeko eta ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko lan egin duela.

Irakurketa baikorrena bozeramaile sozialistarena izan da, kudeaketa goraipatu egin baitu beste behin ere. Navarra Sumak, ordea, kritikatu du gobernuak ez duela egoerak eskatzen zuen bezala jardun; eta euren oposizio lana, aurpegiratzen diotenaren kontrara, eraikitzailetzat jo du.

Europako Funtsak mintzagai 

Hain zuzen ere, osasun krisiak ekarri duen krisi ekonomiko eta sozialetik ateratzeko Europako Funtsei buruzko informazioa emateko EH Bildu eta Navara Sumarekin bilduko da bihar Maria Txibite presidentea.

Biek ala biek gardentasuna exijituko diote gobernu buruari. Koalizio abertzaleak eskatuko dio, funtsen kudeaketan malgutasuna egon arren, dena kontrolpean egon dadila, eta egiten den edozein lege aldaketak iraupen jakin bat izan dezala; ez dadila izan behin-betikoa. Eskuineko hirukoak, berriz, ez dadila izan edukiz hustutako bilera bat.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!