Fran Balda ezker abertzaleko militantea zendu da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 15a, 08:13
Ikurrina bat xingola beltzarekin, Arbizuko Udalean, eta ondoan, Balda oroitzeko pankarta bat. (@Arbizukoudala)

53 urteko Arbizuko bizilaguna, ezker abertzaleko militantea eta Sareko kidea, Etxarri-Aranatzen hil zen, auto batek harrapatuta.

Larunbat gauean, 22:30ak aldera, istripu larri bat izan zen Etxarri-Aranatzen, eta gizon bat hil egin zen. Atzo goizean jakin zen hildakoa Fran Balda Arbizuko bizilaguna eta ezker abertzaleko militante ezaguna zela, gaur egun presoen eskubideen alde lan egiten zuena.

Gaur egun Baldak Sare Nafarroan militatzen zuen eta Euskal Memoriarekin lan egiten zuen, Nafarroako tortura kasuak argitzeko ahaleginean.
 
Aurretik, Arbizuko zinegotzia ere izan zen. Hainbat aldiz atxilotu zuten: 2013an, Guardia Zibilak Herriraren aurka egindako sarekadan, eta berriro ere 2015eko urtarrilean. Bigarren horretan espetxeratu egin zuten, eta hainbat hilabete igaro zituen preso. Urte bereko azaroan utzi zuten aske.
 
Samina Euskal Herri osoan
 
Baldaren heriotzaren albisteak samina sortu du Arbizun, Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herri osoan, pertsona ezaguna eta maitatua baitzen. Atzo sareak dolumin mezuz bete ziren. Sortuk eta Sarek beren mezuak idatzi zituzten, eta baita berarekin lan egiten zuten kideeketa pertsona anonimoek ere; askok agertu zuten atsekabea gertatutakoagatik.

"Bizitzako gorabehera guztiei aurre egiten irakatsi diguzu. Orain, irakatsi diguzun guztiarekin, guri tokatzen zaigu aurrera jarraitzea. Ez da erraza izango ", adierazi zuen Sare Herritarrak. Sortuk, berriz, berriak ezker abertzalean eragin duen "min handia" azpimarratu zuen: "Militante nekaezina joan zaigu, presoen askatasunaren eta herri honen alde beti borrokatu duen horietako bat". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!