Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Urtebete pandemiapean: kronika bat erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartearen bilduma bat da, pandemiaren lehen hamabi hilabeteetan sektoreko profesionalek egindako argazki-kazetaritza lana dokumentatzeko helburuarekin sortua.
José Luis Larrión, Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteko (NAGE) lehendakariak eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari erakusketa honi ateak irekitzeagatik, "datozen urteetan gobernuek eta herritarrek osasun krisiaren aurrean nola jokatu duten jakiteko balioko baitu”.
Horren harira, Larrionek esan du "ondorioak ateratzeko goiz" den arren, “bizitakoa testuinguruan kokatzeko eta historia modernoaren krisi larrienaren aurrean gizarteak erne jarraitzeko beharraz sentsibilizatzeko” unea dela. “Orain, alerta deklarazioaren lehen urteurrenarekin bat eginez, pandemiaren irudirik adierazgarrienak ezagutzera eman nahi ditugu, datozen belaunaldientzat informazio iturri izan daitezkeen dokumentu historikoak”.
Jarraian, NAGEko kide eta erakusketaren komisario den Javier Sesmak, "kazetaritza profesionala, egiazkoa eta konplazentziarik gabekoa" behar dela nabarmendu du. “Gobernuko presidentearen beraren esanetan funtsezkoak diren kazetari grafikoei informaziorako oinarrizko eskubidea egikaritzeko oztopoak jarri bazaizkie ere, argi geratu da, berriz ere, krisi-garaietatik aukerak sortzen direla. Dokumentu-ondare hau horren adibide da, eta memoria kolektibo gisa, Covid-19aren irismena eta inpaktu soziala ulertzeko ikuspegi historikoa eskainiko du".
Unai Hualde izan da ekitaldiari amaiera eman diona, eta adierazi du erakusketak irudi “pentsaezinak” eskaintzen dituela, "kale eta plaza hutsak, balkoi beteak eta hainbat eremutako jendea, besteak beste erreportariak, haien lana eginez, kasu honetan, konfinamenduaren eta pandemiaren errealitatea eta gordintasuna erretratatzeko, zeinak oso ondorio gogorrak utzi baititu arlo ekonomiko, sozial eta sanitarioan, baina, batez ere, maila pertsonalean, biktimen kopurua oso altua izan baita".
Urtebete pandemiapean: kronika bat erakusketa formatu handiko (50x70 cm eta 60x90 cm) 60 argazkik eta bi bideok osatzen dute. Apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai Parlamentuko atalondoan, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik) 15:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.
Erakusketa honen edukia Nafarroako Parlamentuak argitaratuko duen liburu baten parte izanen da.