Asteartean eztabaidatu zuten aragoieraren, asturieraren, galizieraren, katalanaren eta euskararen aldeko Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua eragileek bultzatutako proposamena. Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten berezko hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. EH Bilduren ekimenez iritsi zen, hain zuzen, asteartean Kongresura.
Astearteko eztabaidaren ostean, neurriz neurri bozkatu da gaur proposamena, eta honako hiru neurriak onartu dira:
- Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultzatu eta babestea, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan
- Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz.
- Benetako errespetua, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun konprometituan oinarritua.
Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak «begi onez» hartu du hiru neurri onartu izanaren albistea, baina era berean aitortu du «gizarte eragileon bidez helarazitako proposamenaren egiturazko eskaerak» kanpoan geratu direla. «Argi dago, oraindik urrun gaudela eragileok aldarrikatzen ditugun askatasunetik, demokraziatik eta berdintasunetik; alegia, Gobernuak etxeko lan asko dituela oraindik herritarren arteko berdintasuna bermatuko badu», adierazi du.
Kontseiluko eledunak argitu nahi izan du asteartean ordezko hainbat testu jarri zituztela haien proposamenari zuzenketak egin nahi izan zizkieten alderdien aurrean: «Eztabaida hasi baino bost minutu lehenago eman genituen bukatutzat elkarrizketak, hain zuzen ere, alderdi sozialistak hizkuntza-berdintasuna kontzeptua kentzeko eskatu zigunean». Bilbaoren hitzetan, «marra hori ez genuela gaindituko jakinarazi genien, kontuan hartuta, haien proposamenaren hainbat elementu txertatu genuela».
Astearteko eztabaidan kontrako jarrera agertu arren, azkenean, hiru neurri onartu ditu alderdi sozialistak; «Zalantzarik ez dugu gizarte eragileon presioari esker izan dela», berretsi du Bilbaok. «Finean, gizarteak ez luke ulertuko beste eremu batzuetan berdintasunaren alde dagoen alderdiak jarrera hain itxia izatea. Gutxienekoen gutxienekoei muzin egitea ulertezina litzateke», adierazi du.
Halere, aurrera begira jarri da Euskalgintzaren Kontseilua: «Hurrengo egunotan, dokumentua jorratu genuen eragileok bilera egingo dugu neurri horiek garatzeko estrategia prestatzen hasteko, bai eta guztion balorazio publikoa egiteko ere».