Nafarroak mugen itxiera malgutzeko eskatu dio Frantziari

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 11a, 14:24
Argazkia: EH Bai

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoan egin du eskaera. Herritarren arazoak arintzeko neurriak aztertzeko prest agertu da Pirinio Atlantikoetako prefeta.

Sergio Perez Garcia Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari eskatu dio kontuan har dezala Frantziak ezarritako mugako pasabide jakin batzuk ixteak inguruko biztanleei eragiten dien kaltea, eta salbuespenak kontuan hartu ahal izatea proposatu du.

Zuzendari nagusiak azaldu zuen zer arazo sortzen ari diren Nafarroan mugako hainbat pasabideren itxierak, Frantziako Estatuak terrorismoaren aurkako borrokari buruz emandako dekretu baten bidez ezarriak. Dekretu horrek kalte egiten dio inguruko herritarrek lan edo familia arrazoiengatik behar duten mugikortasunari, eta zaildu egiten du abian diren lankidetza-proiektuak garatzea.

Prefetak, bere aldetik, erabaki horren salbuespenezko inguruabarrak azaldu zituen, eta, iragarri zuenez, epe laburrean kenduko dute, eta herritarren arazoak arintzeko neurriak aztertzeko prest agertu zen.

Sergio Perezek Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoaren Batzar Nagusian parte hartu zuen atzo. Hurbileko mugaz gaindiko lankidetza indartzeko sortu zen erakunde hori, eta bertan parte hartzen dute, Nafarroako Gobernuarekin batera, Euskadiko Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, Frantziaren aldetik, Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluak, Nouvelle-Aquitaine Eskualde Kontseiluak, Euskal Herriko Aglomerazio Elkarteak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!