Atzo jaso zuen gobernuak trafikoaren transferentziari buruzko dokumentazioa

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 11a, 13:32

Tranferentzia gauzatzeko prozedura legala eta administratiboa aktibatuko du aurki Nafarroako Gobernuak. Datozen egunetan, Nafarroako transferentzien batzordea deituko dute.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak ostegun honetan iragarri duenez, asteazken arratsaldean jaso zuten Lurralde Politikako Ministeriotik Nafarroako trafikoaren transferentziari buruzko dokumentazio teknikoa, eta horrek "atzeraezinezko moduan aktibatzen du transferentzia horrekin amaituko den prozedura legala eta administratiboa".

Remirezek Geroa Bairen ahozko galdera bati erantzun dio Parlamentuan, trafikoaren eskumena Nafarroari eskualdatzeari buruz, eta "mugarri" bat dela esan du, "diskrezioan, elkarrizketan eta bi gobernuen jarrera eraikitzaileetan oinarritutako lanaren emaitza".

Kontseilariak azaldu duenez, "orain hasiko da, dokumentazio teknikoa jaso ondoren, alderdi teknikoenak zehazteko lan zorrotza egiten, konpetentzia jasotzea bezain garrantzitsua delako konpetentzia eraginkortasun- eta efizientzia-baldintza egokietan eta baliabide nahikoekin transferitzea".

Azaldu duenez, datozen egunetan, Maria Txibite presidenteak eskatuta, Nafarroako transferentzien batzordea deituko dute, "transferentzien egoera azaltzeko eta kronograman ahal den neurrian aurrera egiteko".

Blanca Regulez Geroa Baiko parlamentariak adierazi duenez, "pozik" daude asteazken honetako albisteekin. "konpetentzia honetan jauzi kualitatibo bat da", esan du: "Hemendik aurrera konpetentzia hori gauzatzeko egin beharreko ekintzen kronograma bat argitaratzea gustatuko litzaiguke".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!