Kasuen igoera arin bat izan da azken orduetan: 67 positibo eta %3,6ko tasa

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 11a, 09:09

Nafarroak 67 Covid-19 kasu erregistratu zituen atzo, 1.832 PCR eta antigeno proba egin ostean; hortaz, positibo tasa %3,6koa da. 80 urte bi pertsona zendu ziren atzo koronabirusarekin.

Nafarroako koronabirus kasuen joerak egonkor jarraitzen du, eguneko 50 kasuren inguruan, %5etik beherako tasekin, baina egunez egun aldaketa txikiak daude. Atzoko kasuan, positibo berriak 52tik 67ra pasa ziren, eta positibo tasa %2,2tik %3,6ra.

Arrotxapea izan zen positibo gehien erregistratu zituena, zortzirekin. Atarriabian zazpi, Valtierran sei, eta Sanduzelai lau izan ziren; eta Zizur Nagusian, Buztintxurin eta Barañainen, hiru. Hiriei begiratuta, Iruñean 22 izan ziren, eta berriz ere, Tuteran eta Lizarran ez zen kasurik izan.

Bestalde, 69 gaixo zeuden ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bost gutxiago. Atzo koronabirusarekin lotutako bi ospitaleratze izan ziren, horietako bat ZIUn. 17 pertsona daude guztira zaintza intentsiboen unitatean. Atzo bi pertsona hil ziren gaixotasun horren ondorioz, 80 urteko bi gizon. Nafarroan, guztira, 1.113 pertsona hil dira.

Osasun Publikoaren Institutuak atzo argitaratutako txosten epidemiologikoaren arabera, Nafarroako pandemiaren egoera "nahiko ona" da. Edonola ere, Osasun Departamentuak “zuhurtziaz” jokatzen jarraituko du, eta neurriak ez ditu laxatuko, beste hamabost egunez; eta Aste Santuan zein San Jose zubian ez ditu mugak irekiko.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko igorpenen arabera eta Osasun Ministerioaren datuekin hileroko doikuntza egin ondoren, 51.969 da Nafarroan.

Txertaketa: 2.483 dosi eman ziren atzo

Txertaketa-prozesuari dagokionez, atzo 2.483 dosi eman ziren, eta, beraz, 82.321 txerto eman ziren, orain arte jasotako 99.265 txertoetatik. Orain arte, 26.158 pertsonak hartu dute txertoa osoki, 288k bigarren dosia jaso ostean.

Gaur, Iruñeko landa-eremuetako txertaketarekin jarraituz, Zangozako 80 urtetik gorako biztanleei ematen zaizkie txertoak, zehazki, 699 pertsonari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!