Punto de Vista jaialdia aurrez aurre eta online jarraitu ahal izango da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 9a, 12:47

Teresa Morales, Rebeca Esnaola eta Garbiñe Ortega, jaialdiaren aurkezpenean.

Datorren astelehenetik larunbatera ospatuko dute Punto de Vista jaialdiaren hamabosgarren edizioa. 32 pelikula lehiatuko dira Sail Ofizialean, eta aurrez aurre zein internet bidez jarraitu ahal izango da. Gaur eman ditzute xehetasunak. 

Urtero bezala, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak zazpi sail izango ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, X Films, eta Saio bereziak, Paisaia eta Heziketa programarekin. Osotara 900 lan aurkeztu dituzte, eta 32 izan dira hautatuak; bereziki emakumeenak eta baita egile nafar ugarirenak ere; eta aurrez-aurreko eredua eta presentziala uztartuko dituzte.

Aurtengo nobedade nagusia Cartas como películas liburua da. 2018an abiatu zuten, eta zinemagileen arteko gutunak bildu dituzte, pentsatu gabeko harremanak marrazteko, genealogia zinematografiko berriak marrazteko helburuarekin. Aurten, bigarren atala argitaratu dute, La Fabrica argitaletxearekin, eta protagonistak zinemagile garaikideak izango dira.

Garbiñe Ortega zuzendarikoak azaldu duenez, liburuak hainbat irakurketa eskaintzen ditu: “Gutunen eta irudien arteko harremanak proposatzen dira, aldi baterako jauziak, esplizituak ez diren azpikapitulu tematikoak; Harun Farockiri edo abangoardia amerikarreko zinemaren belaunaldi bati eskainitakoa, adibidez". Egungo zinemagileek proiektu honetarako idatzitako "irudimenezko epistolak" ere badira liburuan, ezagutu ez dituzten zinemaren historiako zuzendariei zuzendutakoak, bizirik zein hilda daudenak.

Argitalpen horrekin batera, jaialdiaren amaieran, Las cartas que no fueron también son ikus-entzunezko proiektu kolektiboa aurkeztuko dute; bertan, hainbat zinemagilek aurrez aurre ezagutzen ez zuten beste zuzendari bati zuzendutako gutun filmatuak sortu dituzte. Beatrice Gibson, Nicolas Pereda, Deborah Stratman, Lynne Sachs, Raya Martin, Jessica Sarah Rinland, Alejo Moguillansky eta Diana Toucedok egin dituzte film laburrak, eta beren gutunak Jean Vigo, Wes Craven, Chantal Akerman, Chick Strand, Michelangelo Antonioni, Danièle Huillet, Barbara Loden, Nina Menkes, Bette Gordon eta Nancy Holt zinemagileei zuzenduta daude.

Sarrerak, salgai

Sail Ofizialean 32 pelikula lehiatuko dira, hamar programatan banatuak. Filmek askotariko gaiak aztertzen dituzte: etxeko eta eguneroko gaiak, paisaia, psiko-geografia, historiari buruzko hausnarketak, genero indarkeria, musika... Tartean egongo da Euskal Herriko zinemagile baten lan bat: Jorge Moneo Quintanaren In Ictu Oculi (begiak hesteko artean). Marina Lameiro nafarraren ‘Dardara’ dokumentalak irekiko du saila, lehiatik kanpo.

Paisaia atalean Euskal Herriko hainbat lan aurkeztuko dituzte; zehazki, Lur Olaizola, Peio Agirre, Koldo Almandoz, Maria Elorza eta Maria Sanchez zinemagileenak. X Filmsen Irati Gorostidi, Tamara Garcia eta Elisa Celda zinemagileak lehiatuko dira.

Aretoen edukiera %50ekoa izango da, eta aurrez aurre parte hartzeko sarrerak zein online abonuak salgai daude jaialdiaren puntodevistafestival.com webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!