Positibo tasa %2,8ra jaitsi da Nafarroan

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 9a, 09:45

Atzo 50 koronabirus kasu baieztatu zituzten, eta 1.802 proba egin zituzten foru erkidegoan, PCR eta antigenoen testen artean.

Nafarroak 50 Covid-19 kasu positibo berri izan ditu azken orduetan, aurreko eguneko kopuruaren oso antzekoa (47), baina positibo tasa %4,8tik %2,8ra jaitsi da. Atzo, guztira, 1.802 proba egin zituzten foru erkidegoan, PCR eta antigenoen testen artean.

Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko kasuen intzidentzia metatua 122ra jaitsi da, eta zazpi egunetakoa, berriz, 63ra.

Eremuka, Murchante da infekzio gehien izan dituena, zazpi kasurekin, Buztintxurik sei ditu, eta Antsoainek bost. Murchanteko erriberan 44 kasu aktibo atzeman dituzte azken astean, udalerrian izandako agerraldi baten ondorioz, eta Osasun Saila etengabeko miaketaren bidez kontrolatzen ari da. Orain, espezialistak agerraldia mugatzen saiatzen ari dira, kasu positiboen jarraipenaren bidez.

Kutsatze horiek direla eta, joan den astetik meskita itxi egin da; izan ere, kasu gehienek musulmanei eragiten diete, eta, Luis Sancho alkateak azpimarratu duenez, Murchanteko biztanleriaren zati handi bat da, orain infekzioa intentsitate handiagoz jasaten ari dena. "Lehen ere izan ditugu gaizki geunden kasuak, eta ez zen kolektibo horren ardura izan. Beraz, ez dago alarma pizteko arrazoirik", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!