Parlamentuak aho batez onartutako adierazpenaren aurrean "hunkituta eta babestuta" agertu da Zabalza familia

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 4a, 13:40

Mikel Zabalza auzia argitzeko "beharrezko neurriak" hartzea eskatu du familiak.

Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek joan den astean argitara emandako audioak ikertzea exijitzeko adierazpen instituzionala onartu zuten, aho batez. Hori dela eta, Mikel Zabalzaren senideek honakoa adierazi nahi izan dute: "Hunkituta eta babestuta sentitzen gara, hartutako erabakia hainbeste urtetan aldarrikatutako egia aitortzea delako".

"Bertsio ofiziala ez zetorren bat, inondik inora, benetan gertatu zenarekin eta, batez ere, gertakizunen gau berean atxilotu zituzten pertsonengandik jaso genituen lekukotasunekin", adierazi du familiak ohar bidez.

Grabazioa entzunda eta horren bidez jasotako informazioa edukita, Nafarroako gizarteak eta haien ordezkariek "Mikelek jasandako torturaren praktikari buruz, grabaketako elkarrizketan hain naturaltasun handiz deskribatzen dena, sumatzen zutena" egiaztatu ahal izan dute haien aburuz.

Egoeraren aurrean gauza bakarra geratzen da egiteko Zabalza familiaren iritziz: " Ekitea eskatzen dugunari, hots, gertaerak argitzeko beharrezko neurriak hartzeari: isilpeko dokumentuak desklasifikatuz, fiskaltzaren lanaren jarraipena eginez edo bere eskumen eremuan sartzen den beste edozein bide hartuz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!