Koronabirusaren egunerokoa

Tutera eta Lizarrako eremuetako 90 urtetik gorakoak txertatzen hasiko dira gaur

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 3a, 10:03

Adineko emakume bat, txertoa jasotzen, auto barruan, atzo, Azpilagañan.

Txertatzea osasun eremu horietako hiri eta herrietako ospitaleetan, osasun etxeetan eta udal instalazioetan egingo dute.

Tuterako eta Lizarrako osasun eremuek gaur, asteazkena, hasiko dute egoitzetan ez dauden 90 urtetik gorako biztanleei txertoa jartzen.

Tuterako biztanleen txertaketa –Tutera mendebaldeko eta Tutera ekialdeko osasun zentroenak– larrialdi zerbitzuaren ondoan instalatutako txertaketa moduluan egingo dute, ospitaleetako txertaketa taldeen eskutik.

Gaur ere, Corella eta Cintruenigoko osasun-zentroek eta horien mendeko kontsultek, Fitero eta Castejongoek, txertoaren dosia ematen hasiko dira. Kasu horietan, txertaketaren arduradunak osasun zentroetako eta kontsultetako erizainak izango dira, eta dagoeneko badute mendetasun handiko pertsonen inokulazioaren esperientzia.

Lizarrari dagokionez, gaur osasun eremu horretako 500 pertsonari baino gehiagori txertoa ematea aurreikusten da. Prozesua Lizarrako musika eskolan, San Adriango Gazteriaren Etxean, Alloko frontoian, Antzingo udaletxearen etxabeetan, Lodosako eta Los Arcosko kultur etxeetan, eta Vianako eta Villatuertako kiroldegietan egingo dute. Bihar, berriz, Buñuel, Cascante eta Valtierra-Cadreita eremuen txanda izango da.

Atzo 700 txerto baino gehiago jarri ziren Iruñeko txertatze masiboaren lehenbiziko egunean. Tunelaren beste aldea ikusten hasi gara, amesgaiztoaren amaiera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!