Remirezek eskatu du Martxoaren 8an aldarrikapenak plazaratzeko "bide berriak" bilatzeko

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 26a, 10:48

Nafarroako Gobernuak Emakumea behar zuen izan leloa aukeratu du aurtengo Martxoaren 8rako. Euren eskubideen defentsan lanean izan diren eta oraindik badiren emakumeei aitortza egin nahi diete. Egun horretako ekitaldiei dagokienez, eskatu dute "irudimena erabiltzeko", ahal den heinean "protesta masiboak saihestuz".

Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak nabarmendu du "ezohiko" Martxoaren 8 bat izango dela aurtengoa, eta aldarrikapenak plazaratzeko "bide berriak" bilatzen saiatzeko eskatu du, "ekitaldi masiboak saihesteko". Hala ere, manifestatzeko eskubidea dagoela onartu du, eta, beraz, kaleko protestak ez daudela galarazita; hori bai, betiere, segurtasun neurriak betetzen badira. 

Gobernuaren aurtengo leloa Emakumea behar zuen izan da, mespretxu gisa erabili izan den esaldi bat, zeinari buelta eman nahi dioten, modu positiboan adierazteko. Kanpainan, hainbat esparrutako emakume langileen irudiak zabalduko dituzte, emakumeek historian, baina baita gaur egun eta etorkizunean ere, duten rola eta egin dutena aldarrikatzeko. Halaber, pandemian duten protagonismoa ere aldarrikatuko dute, osasunaren eta zaintzaren lehen lerroan egon baitira.

Pandemiak, hain zuzen, beste krisi batzuk azaleratu ditu, hala nola indarkeria matxistarena edo zaintzarena, eta horretan ere eragin nahi dute. 

Martxoan zehar garatuko dute kanpaina, bideo batekin, eta 7000 kartel baino gehiagorekin, hainbat esparrutan banatuta, baita sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!