Datu epidemiologikoak aztertu ondoren, koronabirusaren arrisku maila jaistea erabaki du gobernuak. Beheranzko joeraren ondorioz, hirugarren mailara jaitsi da. "Arrisku altuan" dago herrialdea, eta horrek neurriak leuntzea eragin du.
Bilera pribatuetan, etxean, gehienez ere sei pertsona bildu ahalko dira; baina bi bizikidetza unitetekoa izateko baimena eman du gobernuak. Ostalaritzari dagokionez, berriz, barrualdeak zabaltzeko aukera izanen dute. Gehienez edukieraren %30 erabili ahalko da, mahai bakoitzean lau lagun elkartu ahalko dira eta barran ezinen da kontsumitu.
Bada aldatzen ez den neurririk, dena den, itxialdi perimetrala eta etxeratze agindua mantentzea erabaki du gobernuak. Neurri berriak martxoaren 11ra arte izanen dira indarrean. Baita gogortzen denik ere. 'Runner' nafarrek maskara erabili beharko dute kirola egiten ari direnean eta gainerako pertsonekiko segurtasun tartea gorde ezin dutenean. Hala baieztatu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuak onartutako osasun neurri berriak onartzen dituen autoan. "Korrikalariek, jarduera fisikoa egiten ari direnean, maskara erabili beharko dute, baldin eta ezin badute bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea, Osasuneko sailburuaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz", jasota dago epaileen autoan.