Ikerketa, lau erakunde horiek nafar gazteen eta jokoaren errealitatearen inguruan garatzen ari diren programaren lehen fasearen parte da, eta proiektua prebentzio programa batekin amaituko dute.
Eman dituzten datu nagusiak honakoak dira; jokatzen duten gazteen gehiengoa gizonak dira, eta jokoan hasteko batez besteko adina 16 urtekoa da. Nabarmena da jokoak azken urteetan izandako igoera; zehazki, sei urtean bikoiztu egin da kirol apustuetako gastua. Kirol-apustuak dira gehien jokatzen direnak, eta gehien hazten ari direnak, eta aurrez aurreko jokoa internetekoa baino ohikoagoa da.
Jokatzeko motibazio nagusia "ongi pasatzea" da; baina 25 urtetik aurrera aldatu egiten da arrazoia, eta dirua irabaztea izaten da. Halaber, droga kontsumoa eta ikasturtea errepikatzea dira joko-arazoak dituzten gazteei lotutako egoeretako batzuk.
Bestalde, familiek aitortzen dute seme-alabekin ez dutela jolasari buruz hitz egiten, eta zailtasunak dituztela neska-mutilek joko arazorik duen antzemateko.
Ikerketa egin duten taldeek jokoa arautzeko sortu den mugimendu soziala balioetsi dute, gizartean kontzientzia sortu baitu.
Txostenaren ondorioak ikusita, erakundeentzako lan-ildoen artean egongo dira jokoa hasteko adina atzeratzea; kirol, familia edota ikasketa arloan esku hartzea, eta aisialdiko ohitura osasungarriak sortzea