Amnesty Internationalek lehen mailako arreta indartzeko eskatu du

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 25a, 10:00

Amnesty Internationalek elkarretaratzea egin du Nafarroako ospitalearen aurrean, lehen mailako arreta egungo krisian jasaten ari den kaltea salatzeko, itxaron zerrendak handitzen ari direlako, eta gaixotasun kronikoak eta bestelako arazoak dituzten pertsona asko ez direlako jasotzen ari beharrezko arreta.  

Amnesty Internationalek kritikatu duenez, koronabirusaren krisiaz gain, pandemiaren aurretik lehen mailako arretan inbertsio nahikorik egin ez izanak eta baliabide nahikorik jarri ez izanak pertsona zaurgarri askoren abandonua ekarri du, artatu gabeko gaixotasunekin eta diagnostiko berantiarrekin.

Nafarroako egoera beste erkidego batzuetakoa baino hobea dela onartu dute, baina hemen ere itxaron zerrendak hazten ari direla azpimarratu dute, eta Osasunaren Mundu Erakundearen zenbait gomendio entzungor egiten ari direla

Zehaztu dutenez, kaltetuenak izaten ari dira gaixo kronikoak, minbizia dutenak, adinekoak, edota etengabeko tratamenduak behar dituztenak.

Eta datu bat eman du: lehen mailako arretan, pandemiaren hasieran, pazienteen ia %20k ez zuten kontsultarik lortu, eta arretarik gabe geratu ziren. Pertsona horietako batzuei geroago eman zaie arreta, baina ez dira %25era iristen, zehaztu duenez:

Hori dela eta, kalitatezko osasun publikoa defendatzeko eta lehen mailako arreta indartzeko eskatu dute, pandemiaren aurretik zegoen egoera berreskuratu eta hobetuz, eta nazioarteko erakundeen eskaerak aintzat hartuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!