Ostiralean indarrean sartuko diren neurriak bermatu ditu Auzitegi Nagusiak

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 24a, 17:06

"Arrazoi eta irizpide epidemiologiko eta sanitarioek behar bezala abalatuta" daudela uste du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak Nafarroako Gobernuak hartutako azken neurri soziosanitarioak baimendu ditu. Horrela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimendu egiten ditu otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan jasotako neurriak, gobernuko Osasuneko kontseilariak adostutakoak Covid-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoaren ondorioz, eta datorren otsailaren 26tik aurrera jarriko dira indarrean.

Egun horretatik aurrera, Nafarroak leundu egingo ditu indarrean dauden neurri murriztaileak: ostalaritzaren barrualdea berriro irekiko da eta espazio pribatuan bi bizikidetza-unitate (gehienez sei pertsona) biltzea ahalbidetuko dute. Nafarroak perimetralki itxita jarraituko du eta etxeratze-agindua indarrean egongo da 23:00etatik 06:00etara. 

Korrika, maskararekin

'Runner' nafarrek maskara erabili beharko dute kirola egiten ari direnean eta gainerako pertsonekiko segurtasun tartea gorde ezin dutenean. Hala baieztatu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuak onartutako osasun neurri berriak onartzen dituen autoan. "Ebidentzia zientifikoen arabera, birusa aerosolek transmititzen dute, eta aerosol horiek handiak dira jarduera fisiko bizian, horri buruzko bibliografia zabala jasotzen duen txostenean adierazten denez", esan dute epaileek.

"Korrikalariek, jarduera fisikoa egiten ari direnean, maskara erabili beharko dute, baldin eta ezin badute bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea, Osasuneko sailburuaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz", jasota dago epaileen autoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!