Geroa Baik Marlaskaren agerraldia eskatu du Senatuan

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 22a, 14:21

Nafarroako Parlamentuan ere galdera bat aurkeztuko du Geroa Baik Zabalza auziari lotuta. 

Geroa Baik Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu du Senatuan, CESIDeko goi-agintari batek eta Guardia Zibileko kapitain batek 1985ean Guardia Zibilak Intxaurrondon zuen kuartelean Mikel Zabalza gazte nafarra torturatuta hil ote zen hitz egin ostean.

Uxue Barkos Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen ustez, garai hartako audioa, "Mikel Zabalzaren hilketaren inguruan beti falta izan zen froga izan daiteke". "Ibilbide judizialean ezinezkoa izan zen akusaziorik egitea froga faltagatik, eta grabazio horiek Intxaurrondoko kuartelean hil zutela frogatzeko froga izan zitezkeen", azaldu du.

Hori dela eta, Koldo Martinez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Barne ministroaren agerraldia eskatu du Senatuan, egoera aztertzeko.

Bestalde, Geroa Bairen talde parlamentarioak Foru ganberan ahozko galdera bat erregistratu du, Nafarroako Gobernuak Mikel Zabalzaren hilketa argitzeko Barne Ministerioaren aurrean egiten ari den gestioak ezagutzeko.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!