Guardia Zibileko goi agintarien grabazio batek agerian utzi du Zabalza torturaturik hil zela

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 22a, 10:24

Publiko agerkariak Luis Alberto Perote CESID Espainiako inteligentzia zentroko koronel ohiaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa baten audioa argitaratu du, zeinean onartzen duten Zabalza torturatu zutenean hil zela.

1985eko azaroaren 26an, goizaldean, Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zuen. Operazio berean, Idoia Aierbe hareen bikotekidea, Manuel Vizcay haren lehengusua, Patxi eta Aitor haren anaiak eta Ion Arretxe ere atxilotu zituzten. Zabalza, Vizcay, Aierbe eta Arretxe Intxaurrondora eraman zituzten inkomunikatuta. Gainontzekoak aske geratu ziren, baina Mikeli buruz ez zen ezer gehiago jakin.

Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunetara agertu zen Zabaltzaren gorpua Bidasoa ibaian, ur gainean, Endarlatsa inguruan, haren bila zebiltzanek ia egunero miatua zuten toki berean. Bertsio ofizialak dioenez, guardia zibilei arma-zulo bat erakustera zihoala, ihes egin eta zulo batetik ibaira erori eta bertan itota hil zen; hala ere, zantzu ugarik eta segurtasun-indarretako kide zenbaiten testigantzek Mikel Zabaltza torturapean hil zela adierazten dute. 

Hilketa gertatu eta 35 urtera, lehen aldiz entzun daiteke Luis Alberto Perote CESID Espainiako inteligentzia zentroko koronelak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak izandako elkarrizketa, zeinean onartzen duten Mikel Zabalza kuartel hartan torturatzen zuten bitartean hil zela. Zehazki, Perotek dio Zabalzaren gaia itsusi jartzen ari dela, eta Gomez Nietok erantzten du “eskutik joan" zaiela. Dioenez, beharbada, "bihotzeko geldialdi bat izan zuen, buruan poltsa jarri izanaren ondorioz".

Miguel Angel Llamas Pitu-k eta Amaia Merinok Non dago Mikel? fokumentalerako egin zuten ikerketaren barruan aurkitu zuten dokumentua. Luis Alberto Perote koronel ohiaren ziegan aurkitu zuten audioa. Elkarrizketa horretan, Perotek eta Gómez Nietok adierazi zuten espioitza zerbitzuak txosten bat egin zuela gertakariak jakinarazteko.

Laster, audio artxibo hau Ahotsa.info-n argitaratzen den Galdutako Objektuak webseriearen atal berriaren barruan publikatuko dute. Atal hori filmaren material gehigarriarekin eginda dago.

Antonio Rubio eta Manuel Cerdan El Mundo egunkariko kazetariek grabazio horren transkripzioa argitaratu eta epaitegietan aurkeztu zuten, Zabalza auzia ikertzen ari zen sumarioan. Hala ere, epaitegiak adierazi zuenez, grabazioak ez zuen “gutxieneko kalitate konbiktiborik", Gomez Nieto kapitainak ukatu egin baitzuen elkarrizketa hori egon zenik, eta Eduardo Serra Espainiako Defentsa ministroak, 1996ko uztailaren 11ko idatzi baten bidez, adierazi zuen ez zegoela Mikel Zabalzaren heriotza argitzen lagun zezakeen dokumenturik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!