"Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?". Espainiako Indar Armatuek azken hamarkadetan eginiko torturen inguruan galdetuko dio Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Pedro Sanchezi. Asteazken honetan, Mertxe Aizpurua bozeramaileak Mikel Zabaltzaren kasua eramango du Kongresuko kontrol saiora, Guardia Zibileko goi agintariei egindako grabazio batzuek Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela baieztatu ostean.
'Público' egunkariak gaur argitaratutako audioetan, Luis Alberto Perote CESIDeko zerbitzu sekretuetako koronel ohiak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak (1997an karguz igo zuen Defentsa Ministerioak GALekin lotura izan arren) onartu egiten dute Zabaltza torturak jasan ostean hil zitzaiela Intxaurrondoko kuartelean. Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabaltza galdekatu zutenei "eskua joan" zitzaiela.
EH Bilduren ustez, gaur argitaratutako adierazpenek berretsi egiten dute torturaren erabilera sistematikoa izan dela Euskal Herrian: "Tabu eta mespretxurik gabe argitu, aitortu eta erreparatu behar den errealitate baten aurrean gaude". Aizpuruak "beldurgarritzat" jo du Peroten eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketa, eta euskal herritarrek lehendik bazekitena frogatuta gelditu dela uste du. EH Bilduko diputatuaren iritziz, "txunditzekoa da Guardia Zibilek torturez hitz egiterakoan erakutsitako lasaitasuna, jakin badakitelako zigorgabe geratuko direla".
Nafarroako EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak, bestalde, Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskaera erregistratu du astelehen honetan bertan. Hala, Pozuetak ministroari eskatuko dio “Mikel Zabalzaren tortura kasuari buruz duen informazioa azaltzeko, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek torturen erabilera, bai eta gertakari horiek argitzeko abian jarriko dituen ikerketak ere azaltzeko”. Ildo horretatik, Bel Pozueta diputatuak Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldi eskaera ere erregistratu du, “Luis Alberto Perote CESID koronel ohiak Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzean izan duen inplikazioa azal dezan, ministroak haren inplikazioa ezagutzen bazuen, eta Defentsa Ministerioak agindutako kapitain-igoeraren arrazoiak azal ditzan”.
Era berean, José Manuel Marín Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buruaren agerraldia eskatu du Pozuetak, “Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzan zerikusia duten gertakari guztiak eta eragileak ezagutzeko abian jarriko dituen ikerketei buruzko informazioa eman dezan, eta antzeko kasuak gertatu diren, zein diren eta zein egoeratan dauden argitzeko”.
Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko EH bilduko bozeramaileak ere horren inguruan hitz egin du, eta esan du astelehen honetan ezagutu duten audioak agerian uzten duela "gaiaren muineraino iristeko eta ikertzeko beharra", eta zeregin hori ez dela soilik komunikabideena izan behar.
Gainera, eskuin muturrak 1975 eta 1985 urteen artean egindako indarkeriari buruz Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri duen txostena aipatu du eh bilduko parlamentariak, lan "erabat osatugabea, partziala" dela iritzita, "talde karlisten kexa eta alegazioen ondorioz zuzendu behar izan dena, kontakizun jakin batzuk planteatzen zirelako".
Bakartxo Ruizek adierazi duenez, txostenak "ekintza eta kontakizun jakin batzuk islatzen ditu, baina beste lan batzuek askoz gehiago jasotzen dituzte eta ez daude txosten honetan". "Ez da eskuin muturrak Nafarroan duen indarkeriaren isla fidela", esan du parlamentariak.