Parlamentuak plan bat galdegin du, Nafarroa osoan pediatriaren estaldura bermatzeko

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 18a, 07:32
Bakartxo Ruiz eta Txomin Gonzalez, parlamentuan solasean.

Nafarroako Parlamentuak EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu du, Osasun Departamentuari eskatzeko epe labur eta ertainerako plan bat eratu eta martxan jartzeko, Nafarroa osoan pediatriaren estaldura bermatzeko. 

EH Bilduk aurkeztu du mozioa, eta PSNren, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren babesa jaso du; Navarra Suma abstenitu egin da.

Txomin Gonzalez EH bilduko parlamentariak adierazi duenez, mozioaren helburua da "15 urtetik beherako guztiei kalitatezko laguntza bermatzea"; izan ere, agerian geratu da pediatriako mediku eta erizain profesionalen falta Iruñeko Alde Zaharrean, Bortzirietan, Tuteran, Peraltan, Cascanten eta Castejonen. Txomin Gonzalezek "profesionalak fidelizatzeko eta bereganatzeko neurriak" eskatu ditu.

Egitasmoarekin, paralamentuak nahi du, gobernuak Espainiako Osasun Ministerioari eskatzea barneko mediku egoiliar plazak handitzeko eta administrazioetako lan eskaintza publikoen deialdiaren murrizketak kentzeko. Halaber, eskatu dute plan horretan sar dezatela gaur egungo pediatriako laguntza premiei erantzuteko adina lanpostu izango dituen lan eskaintza publikoaren deialdia.

Era berean, mozioak proposatzen du planari gehitzea iraupen luzeko egiturazko kontratuak lanpostu huts bihurtzea; aldi baterako kontratu administratiboak iraupen luzeagoko kontratu bihurtzea betetzeko zailak diren landa eremuko plazetarako; eta landa eremuko plaza horien hobaria, profesionalki erakargarriagoak izan daitezen.

Mozioak proposatzen duen beste neurri bat da diziplina anitzeko prestakuntza ikastaro bat garatzea, pediatriako arreta emango duten medikuntzako eta erizaintzako langileen ezagutza gabeziak arintzeko, pediatriako espezialisten estaldura bideraezina den kasuetan.



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!