Euskal Nobela Beltzaren Astea urte guztira luzatuko dute

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 17a, 18:55

Ohikoan urtarrilean, ilbeltzean, izaten da Baztanen (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea.

Zazpigarren aldia behar zuen izan aurtengo Baztango Euskal Nobela Beltzaren astea, baina osasun egoera dela-eta (H)ilbeltzarik egongo ez zela iragarri zuten antolatzaileek joan den urtearen amaieran. Bertan behera uztearekin triste, zikloa moldatzea erabaki dute antolatzaileek: (H)ilbeltzean elkartu ez baina beste hilabeteak belzten ahaleginduko dira.

Lehen ekitaldia iragarri dute dagoeneko. Miren Gorrotxategi idazlearekin Sotoan gordeak liburuaz solastatuko dira otsailaren 25ean, iluntzeko 18:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Martxoan, Gorka Arresek Hasier Etxeberria idazlearen obraren inguruko “Damian Arrutiren asmazioak” hitzaldia eskainiko du. Apirilaren Amaia Apalauza itzultzailea Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Elkar, 2020) liburuaz arituko da. Eta aurreko urteetako tradizioari jarraiki, maiatz amaieran eta ekain hasieran “Itzuli beltza” egingo dute.

Esan eta egin, bada, “Hil (ala) beltz” lelopean urte guztira zabaldu dute euskarazko nobela beltzaren bueltako topagunea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!