Gobernuak kontzientzia-eragozpen eta intsumisio mugimenduen inguruko 6.000 dokumentu bildu ditu

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 16a, 11:14

Artxiboan ikus daitezkeen artxiboetako bat: intsumisioaren pegatina bat.

Memoriaren Institutuak azpimarratu duenez, artxibo digital horri esker "hobeto ulertuko da derrigorrezko soldadutzari aurre egiteko kartzelara joan ziren gazteak protagonista zituen mugimendu soziala, Espainian nahitaezko soldaduska indargabetzea lortu zuena".

Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Nafarroako Memoriaren Institutuak ‘Nafarroako kontzientzia-eragozpenaren mugimenduaren eta intsumisioari buruzko artxibo historikoa’ aurkeztu du. Bertan frankismoaren amaieran sortu eta 90ko hamarkadan Nafarroako gizartea astindu zuten dinamiken inguruko 6.000 dokumentu bildu dira, 15.000 orri baino gehiago. 

Lau atal nagusi dituen artxibo hau osatzeko ikerketa, Nafarroako Memoriaren Institutuak 2018an Pedro Oliver Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasle titularrari enkargatu zion ikerketari esker egin da eta Bruno López ikertzaileak garatu du Fernando Mendiola irakaslearen laguntzarekin.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean funtsa. Funts horren bidez, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak milaka dokumentu jartzen ditu herritarren eskura, bai mugimenduaren antolatzaile izan ziren erakundeenak, bai militanteenak.

Lau ardatz

Artxiboa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean dago eskuragarri eta lau ataletan egituratuta dago: dokumentazioa, hemeroteka, kartelak, eranskailuak eta memoria. Era berean, artxibo berriak sartuko dira, aurkitzen diren heinean, hala nola Batzarre edo EHGAMetik datorren dokumentazioa edo pertsona partikularrek, INM@navarra.es e-mailaren bidez,  Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jarrita aurkez dezaketen dokumentazioa.

Dokumentazioaren atalean, KEM-MOC, Kakitzat, Presoen Intsumisoen Batzarra, EHGAM, Carlos Rey, Iñaki Subiza eta Juanjo Morenoren 2.006 dokumentu-unitate kontsulta daitezke. Atal honetako bilaketak gaika egin daitezke.

Hemerotekak Iñaki Subizak antolatutako bilduma erakusten du eta 3.952 prentsa-ebaki ditu, goiburu eta argitalpen urtearen arabera antolatuta. Gainera, inprimatutako materialari dagokion zatian, Andoni Romeoren bilduma kontsulta daiteke; horien artean, kartelen eta eranskailuen 403 irudi nabarmentzen dira.

Memoria atalean, gaiari lotutako hainbat ibilbide egin ahal izango dira, 16 elkarrizketa kolektiboren bidez. Elkarrizketa horietan 71 pertsonak hartu dute parte. Besteak beste, AFOINA, EGHAM, sakanako Talde Antimilitarista, Kakitzat, KEM-MOC eta Nafarroa Intsumitua taldeko kideak. Atal hau maiatzetik aurrera egongo da eskuragarri webgunean.

Mugimendu plurala

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak artxiboaren aurkezpenean azpimarratu duenez, "kontzientzia eragozpenaren mugimenduak balio demokratikoetara eta justizia sozialari buruzko diskurtso batera jo zuen, bakearen kulturaren eta hezkuntzaren formulazio berri bat barne, nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko". Ildo horretan, "mugimendu plurala" izan zela azpimarratu du, "anitza, baita kontraesanak zituena ere, baina 90eko hamarkadan parlamentuko alderdi politiko guztietako gazteen babesa lortzeko gai izan zena".

Era berean, Ollo kontseilariak gogorarazi du artxiboak "areagotu" egiten duela Memoriaren Nafarroako Institutuak "bakerako hezkuntzarekin eta gatazken konponbide baketsuarekin duen konpromisoa" eta horrez gain, gazteei "beren oraintsuko iraganaren beste alderdi bat ezagutzeko aukera" ematen diela, "mugimendu horien ezaugarri izan zen bake-kultura horretaz elikatzeko".

Bestalde, Josemi Gaston Memoriaren Institutuko zuzendariak azpimarratu duenez, artxibo digital horri esker "hobeto ulertuko da derrigorrezko soldadutzari aurre egiteko kartzelara joan ziren gazteak protagonista zituen mugimendu sozial bat, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko estrategia baten barruan eta Espainian nahitaezko soldaduska indargabetzea lortu zuena". Horretarako, Gastonek azaldu duenez, "antimilitarismoaren, bakezaletasunaren eta kontzientzia eragozpenaren inguruan sortutako ekintza baten erreferente teorikoak, estrategiak, barne antolaketa eta aktibismoa" bildu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!