Nafarroako lehen zikloa “diskriminatzailea” dela salatu du 0-3 plataformak

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 15a, 18:20

Alderdi politikoek zikloarekin “joko zikin eta gaiztoa” egiten ari direla salatu dute eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote zikloaren doakotasuna bermatzeko benetako urratsak eman ditzan.

Nafarroako Gobernua hezkuntzako lehen zikloa arautzerakoan “arduragabeki” jokatzen ari dela salatu du Nafarroako 0-3 plataformak. Iruñeko PSNk eta Nafarroako Gobernuak erakutsitako jarrerak alderatu dituzte. Navarra Sumaren aurrekontuak babesteko, 0-3 zikloaren doakotasuna eskatu zion Maite Esporrinek Enrique Maia alkateari. Eskuineko hiruak onartu du neurria, eta Esporrinek “konkista sozialtzat” hartu du gaia. Plataformaren harridura eragin du albisteak, gobernutik oso bestelako jarrera atzematen dutelako: “Nafarroako Gobernuko alderdiak berak diskriminatzen ditu haurrak eta haien familiak, jaio diren lekuaren arabera”.

Plataformaren iritziz, larriena da Hezkuntza departamentuak eta Nafarroako Gobernuak “beste alde batera begiratzea, legealdi honetarako sinatutako gobernu akordioari jaramonik egin gabe”. Akordio hori ez dela betetzen ari salatu dute, eta ez dutela betetzeko urratsik atzeman.

Egungo araudiak Iruñea ez diren Nafarroako gainerako lurraldeen egoerari erantzuten ez diela salatu du plataformak. “Haur eskolarik ez duten familia askok ondoko udalerrietara jo behar dute seme-alabak eskolatzeko. Horrek esan nahi du, errenta mailari dagokion ordainketa “kanpokoa izateagatik” hilean 80 eta 140 euro arteko plusa gehitu behar zaiola”, azaldu dute. Egoera honek lehen zikloko haur hezkuntza “diskriminatzailea” egin duela argudiatu du plataformak, eta gobernuak baimentzen duela azpimarratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!