Positibo tasak %5etik behera jarraitzen du

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 9a, 10:55

Azken orduetan 139 koronabirus kasu berri atzeman dituzte Nafarroan. Bederatzi heriotzaren berri eman du osasun departamentuak.

Nafarroak 139 kasu positibo erregistratu zituena atzo, astelehena, aurreko egunean baino 58 gehiago, igandean 80 izan baitziren; positibo-tasa, ordea, ez da igo: %4,8koa izan da beste behin. Atzo 2.883 proba egin zituzten, PCR eta antigenoen testen artean.

Laugarren eguna da jarraian Nafarroa Munduaren Osasun Erakundeak pandemia kontrolatutzat emateko langaren, %5eko positibo tasaren, azpitik dagoela. Kurbaren beheranzko joera egonkortzen ari da, beraz, baina hala ere, Nafarroako Gobernuak zuhurtziaz jokatzea erabaki du, eta beste bi astez eutsiko die neurri murriztaileei.

Gaixotasun horrekin lotutako hamalau ospitaleratze berri izan ziren atzo, horietako bat ere ez ZIUn. Halaber, atzo 78 eta 86 urte arteko hiru hildako izan ziren, bi gizon eta emakume bat, eta aurreko egunetako sei heriotza jakinarazi zituzten, 88 eta 95 urte arteko bi gizon eta lau emakume. Nafarroan, beraz, 1.070 heriotza baieztatu dira guztira.

Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen %64 izan ziren, Tuteran %7 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (%25) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 179 pertsona ospitaleratuta daude COVID-19arekin (atzo baino bat gutxiago), horietako 28 ZIU postuetan daude (atzo baino hiru gutxiago) eta beste 15 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 136 paziente, plantan daude (atzo baino bat gehiago). Pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, infekzio hori izan edo ez ospitaleratzearen arrazoia, eta COVID-19 espazioak okupatzen dituzte.

Txertaketa

Txertaketari dagokionez, 1.401 dosi eman zituzten atzo, hau da, 36.436 txerto eman zituzten Nafarroan, orain arte jasotako 44.945 txertoetatik. Txertoa osotasunean hartu duten pertsonak 12.743 dira, atzo 1.149k bigarren dosia jaso ostean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!