Nafarroako Parlamentuko talde gehienak kezkatuta agertu dira Europatik dagoen informazio faltagatik, Europako berreskuratze funtsei lotuta, eta ondorioz, baita Madrilgo gobernutik ere.
Oposizioko taldeek kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuaren proiektuak aurkeztu zirenetik haien inguruko xehetasun argirik jaso ez izana. Preseski, Navarra Suma eta EH Bilduk esan dute, Gobernuari proiektuen inguruko informazioa eskatu diotela, erantzunik jaso gabe.
EH Bilduk lotsagarritzat jo du aurkeztutako proiektuen inguruko informazio falta, eta era berean, eskatu du, erregimen komuneko erkidegoetatik harago, foru erkidegoak sarbide zuzena izan dezala funtsetara.
Nafarroako Gobernuarekin bereziki gogorra izan da Navarra Suma. Javier Esparza bozeramaileak kritikatu du, gardentasun falta dela foru gobernuaren funtzionatzeko modua. Kasu honetan, horrek funtsen inguruko itxaropen faltsuak sor ditzakeela esan du.
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak taldeek aurkeztutako informazio eskaerek erantzuna jasotzea espero duela esan du.
Aitzitik, Ramon Alzorriz bozeramaile sozialista ez dago ados Europako funtsen inguruan opakutasuna dagoenik, eta baieztapen hori eskuinak bultzatutakoa dela dio. Parlamentuan ikusi den bezala, baina, ez da eskuina horren inguruan kexu den bakarra.