Ñabardurekin bada ere, parlamentuko talde guztiek adierazi dute Castejongo hezkuntza komunitatearen borondatea errespetatu behar dela, eta eskatzen diren prozedurak betez gero, Hezkuntza Departamentuak ahalbidetu beharko duela PAI programatik ateratzea.
Iaz, dokumentazioari lotuta egon zen eskaera atzera botatzeko arrazoi nagusia. Hezkuntza Departamentuak ezezkoarekin erantzun zion, programa uzteko plan zehatzik ez zuela argudiatuz; plana osatzeko beste aukerarik eman gabe.
Aurten, argudioak behar bezala zehazturik badaude, arazorik ez lukeela egon beharko esan dute parlamentuko talde guztiek.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek nabarmendu dute Castejongo eskolak egindako eskaeraren argudioak pedagogikoak direla. Ahal Duguko Mikel Builek gogora ekarri du eskola horretako ikasleek arazo edo traba erantsi batzuk dituztela, eta ingelesak zailtzen duela oinarrizko ikasgaiak irakastea.
Ramon Alzorriz bozeramaile sozialista izan da Castejongo eskolari babes argia agertu ez dion eledun bakarra. Mugatu da esatera zehaztutako irizpideen arabera aztertuko dutela Castejongo kasua, eta PAI programa duten hezkuntza zentro gehienetan pozik daudela.