AHTrik ez! eta Errioxako ereduari bai, trena hemedik 200 km orduko abiaduran aldarrikapenak zituen pankartaren atzean, dozenaka lagun bildu ziren atzo eguerdian Tafallako tren geltokiaren atarian, Erdialdea Trenaren Alde plataformak deituta.
Elkarretaratzean, adierazi zuten Errixoan ezarri duten proiektua Nafarroara ekartzeak egungo trenbideak hobetzea ekarriko lukeela, trenak orduko 200 kilometroko abiaduran modu seguruan ibil daitezen. Hortaz, irtenbide hori eskatu zuten Castejon-Tafalla-Iruñea-Gasteiz korridore nafarrarentzat, eta AHTaren aukera baztertu.
Azaldu zutenez, Espainiako Sustapen Ministerioa, Adif eta Errioxako Gobernua akordio batera iritsi dira, eta Castejon-Logroño trenbidea hobetzean datza, 200 km/orduko abiaduran tren moderno eta segurua ezartzeko.
"Plataforma sortu zenetik errebindikatzen ari garen irtenbide hori arrazionalena eta garaiko behar sozialetara doituena da: egungo azpiegituran inbertitzea, 200 km/orduko tren moderno eta segurua ezartzeko", aldarrikatu zuten elkarretaratzean.
AHTaren aukera "irrazionala" dela, "diru kopuru handiak xahutzea" dakarrela eta Erdialdea "zaurituta" utziko duela salatu zuten.