Nafarroako Memoriaren Institutuak hogei bat desobiratze eginen ditu aurten

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 5a, 12:51
Goldaratzen egindako desobiratze baten artxiboko irudia.

Ezkabako San Kristobal gotorlekuko ihesaldiko presoekin eta makien borrokaren testuinguruan gerrillari antifaxisten errepresioarekin lotuako 70 biktima bilatzeko asmoa agertu du insitutuak.

Nafarroako Memoriaren Institutuak aurten hogei bat desobiratze egiteko asmoa du, Ezkabako San Kristobal gotorlekuko ihesaldiko presoekin eta makien borrokaren testuinguruan gerrillari antifaxisten errepresioarekin lotutako hobiak egon daitezkeen lekuetan.

2016. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuak hainbat hitzarmen sinatu ditu Aranzadi Zientzia Elkartearekin, eta 100.000 euro bideratzen ditu urtean, lan horiek egiteko. Ikertzaileen, teknikarien, senideen eta memoria-elkarteen arteko lankidetzaren ondorioz, frankismoaren errepresioaren 114 biktima lurpetik ateratzea lortu da.

Aurten 70 biktima baino gehiago bilatzea aurreikusi dute, horietako 13k izen-abizenak dituzte, baina gehienak pertsona anonimoak, presoak, zibilak, San Kristobal gotorlekutik ihes egindakoak eta makiak dira.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 22 kokaleku baino gehiagotan (pistak, bideak, laborantzarako lursailak, etab.) bilatuko ddituzte, besteak beste, Odieta, Esteribar, Lerin, Izako Zendea, Imotz, Ezkabarte, Berriozar, Aibar, Berriobeiti, Larrion, Ultzama, Isaba, Arano, Armañanzas, Zizur Nagusia eta Araitz herrietan.

Jarduerak aste honetan aurkeztu dira memoria historikoaren aldeko elkarteen mahaian. Mahai horretan AFFNA36, Txinparta, Amapola del Camino, Asociación Pueblo de las Viudas de Sartaguda eta Areka elkarteek parte hartu dute.

Jarduera-plan honek, aurreko urteetan bezala, memoria historikoaren elkarteek eta ikertzaileek frankismoaren errepresioari buruz egindako proposamenak jasotzen ditu. "Aldaketak ditu, lokalizazio-lanek dakarten zailtasuna dela eta. Horietako asko urteetan zehar izandako ahozko testigantzetan oinarritzen dira, edo lursailak denboran zehar jasandako aldaketen mende daude ", Nafarroako Memoriaren Institutuak adierazi duenez.

114 gorpu berreskuratuta eta 26 biktima identifikatuta

Berreskuratutako 114 biktimetatik, 2016ko irailean martxan jarritako eta Nasertic enpresa publikoak kudeatutako DNA Bankuari esker, 26 gorpu identifikatu ahal izan dira. Bitarte horretan, 252 espediente ireki dira. "Identifikazio-lanak konplexuak dira, eta, batzuetan, bideraezinak, hezur-hondarrak degradatu direlako edo emaile egokirik ez dagoelako; baina bide horiei esker amaitu daitezke konponketa-prozesuak, gorputzak beren familiei entregatuta", adierazi du INMk.

Lan horietan, Nafarroako Gobernuak 288.000 euro inbertitu ditu 2016 eta 2020 artean. Gainera, 210.000 euro gehiago gehitzea aurreikusi dute 2023ra arte. "Nafarroako Gobernuak biktimen bilaketarekin duen konpromisoa irmoa da", adierazi du erakunde horrek. "Hobiak aurkitzeko zailtasunez jabetuta, denborarekin areagotuta", beste dei bat egin diete herritarrei, "lekuren bat ezagutuz gero, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jartzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!